Ander Perez Argote

Izozki bat Gazan

2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Non eta Diario de Navarra-n irakurri behar izan duzu Israelgo Poliziak Jerusalem Ekialdean geratzen den azken liburu-dendako jabea atxilotu duela, eta ixtear direla kulturgunea. Antza, Palestinaren okupazioaz geroztik eskualdeak bizi duen gatazkari buruzko bilduma osatuenetako bat da Education Bookshop delakoarena, eta apaletan From the River to the Sea izenburuko haurrentzako album ilustratu bat edukitzea izan da operaziorako Israelek erabili duen aitzakia. Liburu-denda miatu, jabeak atxilotu eta saltokia ixtearekin mehatxatu dute.

Auskalo zergatik, aspalditxo Gazako izozki-denda ezagunenari buruz ikusitako telebista-erreportajearekin gogoratu zara. Bonbardaketak hasi berri zireneko garaian izango zen ziurrenik, orain urte eta erdi. Gogoratzen dituzu ilaretako irudiak, artisau-izozkiei buruzko aipamenak, eta familiak eta lagunak izozkiak erosten, oraindik nolabaiteko normaltasun giroan. Bilatu duzu albistea sarean, baina alferrik: Gaza suntsitzearekin batera noizbait izan zenaren erreferentzia guztiak ere suntsitu balituzte bezala da.

Eta bai, jakin bazenekien palestinarrek liburuak irakurri eta izozkiak erosten zituztela, baina zuloa egin behar izan duzu burura datorkizun lehen iruditegian, eta begi aurretik eraikinetako hautsa kendu, lehenago bertan zegoena ikusteko. Bestela, kulturarik eta bizitza sozialik gabeko masa bat besterik ez zaizu agertzen, beti zapaldu eta beti alderrai. Deshumanizatua, eta beraz, suntsigarri(ago).

Eta ez da kontua ezer erromantizatzea ere. Genozidioa martxan da, eta hura da salatu beharreko lehenengo gauza. Baina halako adibideek balio dutela uste duzu, palestinarrak, Atef Abu Saif idazleak berriki egunkari honetan esan bezala, sobran dagoen nazio bat ez direla erakusteko, eta, zu bezala, berdin-berdin joan daitezkeela egun epel batean izozki-dendara, beren maitaleari, lagunari edo amari gehien gustatuko zaion zaporea asmatuko ote duten irrika eta ilusioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.