Goizalde Landabaso

Izenak

2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Ohituta nago nire izenaren esangura zein ote den erantzutera. Aldartearen arabera asmakizunak egiten ditut, daitort, eta hor pasatzen dut ondoen. Lehengoan, baina, marokoar batekin elkarrizketa izan nuen, eta ezer esan aurretik esan zidan nire izenaren esanahia begiratzen aritu zela, eta arabieraz badagoela parekorik: Shoroq. Txundituta geratu nintzen.

Izenak garrantzitsuak dira. Diotenez, haur jaio berriekin buruhauste handien ematen duen auzia da. Psikologian ere aztertua dago daramazun izenak zenbateko eragina duen zure izaeran. Izana eta izena. Bazenekien Euskaltzaindiak ere badituela hiru izen-zerrenda? Emakumezko, gizonezko, eta, zelanbait esateko, generorik bakoak. Gero, Elon Musk dago. Seme gazteenari X AE A-12 izena jarri dio. Jakina, bera aberatsa da, tira, aberatsa baino gehiago, oroberatsa. Musk gaztetxoak ez du arazorik izango; dirua duzunean nahi duzuna egin dezakezu, baita semeari izen ezinezkoa jarri ere. Europako legedi zenbaitek galarazi egin dute gutxiespena adierazten duten izenak jartzea; hala nola Kaka eta Hitler. Munduan, baina, osterantzeko debekuak badaude. Mexikon ezin duzu jarri: Twitter, Email, Robocop edo Burgerking. Frantziar estatuan, Nutella. Erresuma Batuan, Martian edo Zianuro. Espainiako estatuan, izen bi baino gehiago ezin dituzu ezarri (monarkia salbuetsita dago, honetan ere bai). Suedian, Mettalica eta Ikea. Zeelanda Berrian, Talula Does the Hula from Hawaii (bai, benetan). 

Inguruan dudan lagun batek umea izan berri du eta generorik bako izena eman dio. Ez da aberatsa (edo ondo disimulatzen du), eta hortaz, ezin izan dio Lehendabizikoa jarri, batez ere, bere inguruan, izokinarekin konfunditzeko arriskua zegoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.