Duela astebete Maialen Akizuk idatzi zuen beharbada gure garaiko ezaugarri nagusietako bat dela arreta erraz galtzearena. Gure belaunaldiko optimistenak erantzungo lioke, berez, bertute bat dela multitasking delakoa. Hau da, gabezia baino eboluzio positiboa dela lau leiho irekita aldi berean zutabea idazten, azken berriak irakurtzen eta asteburu erromantikorako bainuetxe baterako prezio onenak bilatzen egotea. Antikapitalistenak esango du sistemak ziria sartu digula azkarragoak garelakoan.
Azkarragoak ez dakit, baina baliabide teknologiko gehiago ditugu eskura, hori ziur da. Eta beraz, Simone Weilek arretaz zioenaren kontrara ari garela ere bai. Lehen bistadizoan ez dudala prezio onean topatu bainuetxea? Ba deskontuak dituzten hamaika webgunetan saltseatuko dut mauka onenaren bila. Ez dakidala zeri buruz idatzi zutabea ez diodalako mimoz eta patxadaz begiratu aste honetan bizitzari? Ba scroll labur bat egingo dut gai interesgarri baten peskizan. Horrela ailegatu naiz ni, adibidez, Akizurengana.
Arreta itxaroteko gaitasunarekin dago lotuta Weilen arabera, eta azkar jakin nahi izateari aurre egitearekin ere bai, zutabegilearen esanetan. Baina batzuetan azkar nahi duguna ez da bainuetxea, hanburgesa, pelikula edo sexua. Azkar nahi dugu erditzeostetik osatu, azkar doluak sendatu eta azkar hileko mina pasatzea. Azken horretaz nola errekuperatu bilatu dut ehunka aldiz Interneten ordu txikietan. Psikologoari eta adiskideei esan diet emateko dolu batetik azkar ateratzeko bide-orri eraginkor bat. Lagunak erditzeosteaz nola osatu jakin nahi du ja. Baditugu baliabideak. Azkarrak gara. Esan eta egingo dugu segituan. Eta, halere, batzuetan dagoen erremedio gorrotagarri eta bakarra da: igaro ahal moduan ezinegona, eta batez ere eman denbora eta… itxaron.