Blanca Urgell

Iturririk gabe

2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Agian ez dut Italia bertatik bertara gehiago ezagutzerik izango. Egia da hegazkinek erraz eta merke eraman nazaketela gaur egun, baina horrelakorik egin nahi ez dutenen taldean nago. Trenez akaso? Nork daki: egunen batean Uffizi Galeria ikusterik banu, nahi nuke Alhambran bezala izan dadila: jenderik gabe. Nahiz horretarako bigarren pandemia bat behar nukeen…

Aukeran ziurrenik Magna Graecia nahiago: bertako kolonia zaharrak ikusteko gogo bizia eduki dut beti; ostera, ezustean, beste kolonia bat agertu zait, ez hain aspaldikoa: Moliseko kroaziarrena.

XII-XIII. mendetik ezagun omen dira Itsaso Adriatikoaz bestaldetik Italiara etorritako eslaviarrak. XV. mende bukaerako lurrikarek eta izurriteek kostaldea aski makaldu eta dalmaziarrek-edo populatu zituzten Molise eskualdeko herri abandonatu zenbait, Otomandar inperioaren hedapenetik ihesi, antza.

Horren aztarnak ugari daude toponimian eta izen-deituretan, besteak beste. Lau herritan hizkuntzak berak iraun du: Acquaviva Collecroce, Montemitro, Tavenna eta San Felice del Molise. Ez diote beren buruari izen berezirik ematen: naša krv ‘gure odola’, naša čeljad ‘gure bizilagunak’, braća naša ‘gure anaiak’ eta hizkuntzari erreferentzia egiteko na našo ‘gure erara’.

Italiako «beste» hizkuntzak legeak babesten ditu, Moliseko kroaziera barne. Dena den, italierazko Wikipedian «fisionomia nabarmen praktikoa» duela esaten da, zergatik eta «batez ere nekazariek hitz egiten dutelako, hitz abstrakturik ez edukitzeak lagunduta». Esaten da, halaber, Vatikanoko II. elizbatzarraren ostean ez zela elizkizunetan erabiltzen hasi, horretarako «terminologia liturgiko konplexua hizkuntza sinple eta konkretu batera itzultzeko zailtasuna dela eta». Gaitz erdi, norbaitek «senza fonte» erantsi die bi baieztapenoi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.