Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iturgaitzera

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Euskaldunok negargarri egiten dugula gazteleraz, Cervantesek berak diotso Kixoteren irakurleari. Han, Santxo Azpeitikoa gara: «Si lanza arrojas y espada sacas...». Txomin del Regato-tik ETB2ko saiorik ikusienetara, Euskal Herriko erdaldunek ere nasai erabili izan duten giltza da hiztun baldarrarena inoren lepotik barre egiteko. Mexikon, La India Edelmira da castilla-n txarki egitearren publikoa txiza dariola uzten duena. Unibertsala da araua. Joskera ez bada, ebakera da: Baigorriko pentzeetatik Alabamako kotoi-soroetara, goikoak beti egin izan dio burla eta barre gorantz hurreratu nahi eta lortzen ez duen behekoari. Horrela dago antolatua zibilizazioaren apalategia.

Hizkuntza gutxietsia duten komunitateetan, bestela jokatu ohi da arrunkiro. Ez bully-ak bezain gaizto jokatzeko gai ez garelako, ezpada gutxi izanik, denen beharrean gaudelako aurrera aterako bagara. Saiatu izana estimatzen da, eta hala diogu, harro, nahiago dugula euskaraz ahalegintzen den bat erdaraz ari den euskalduna baino.

Gure santu-bidean badugu koskarik, baina. Carlos Iturgaitzekin gertatu da, ez dakit zenbatgarrenez. Hasi da hizketan, ohi duenez, euskaraz ere, eta katigatu gizona: «gustako litzaidake bukatzeko, baimena ematen badixaue, esateko...». Beste edonor izatera oharkabean pasatuko litzatekeen estropezua karkaila huts bihurtu da. Bistan da, geure saldatan bizi gara: ez da egia eginahal guztiak ondo hartzen ditugunik.

Kontua da Iturgaitz ez dela edonor, eta haren alderdia ere ez dela saiatuenetarik euskararen normalizazioaren aldeko ekimenetan. Erantsi horri gizonaren karikaturizazioa (gazteleraz ere ez da trebeagoa), urriak direla beheko apalekoen mendeku aukerak (esanarazi Pedro Azpiazuri desazelerazioa) eta horra emaitza, Cervantesik gabeko Santxo Azpeitiko irrigarri bat, iruntzietara emana.

Irrigarria... eta kasu, baita euskaltzale erdaldun askorentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.