Zenbatu ezinak dira itsasoaren aurrean eman ditugun orduak. Askanpeko labarretako zuhaitzen artean erre genituen gure lehen zigarroak, Abrari begira. Makaletako parkean sortu genuen gure bizitza filosofia, itsasoaren arimak Serantepean bitsa ernatu bakoitzean. Usategiko gaztelu ondoko landan mila tona pipa jan genituen, Kantauri eta zeruak bat egiten duten lerroak sorgindurik, gure aitak hor nonbait ibiliko zirelakoan, ondokoan geneukanari musu emateko indarrak biltzen.
Itsasoa izan da beti indartsuenek lurra banatu ostean baztertuak izan direnen nahi eta nahiezko ogibidea. Olatuen haitzen aurkako gerra etengabea herrien belaunaldiz belaunaldiko bizinahiaren metafora da. Eta inpotentziak barrua kiskali digunean Harro hadi Kantauri itsasoa! abesten dugu, naturak gizakiari bidea erakuts diezaion.
2006ko urriaren 21ean, herri honen askabidea hainbeste trabatzen duten siglen lotura barik, euskal herria euskal itsaso sentitzen duten ehunka herritarrek gure gatazka zaharra konpontzeko euren hondar aletxoa jartzeko konpromisoa hartu zuten. Ordutik, behin eta berriz, galernarik bortitzenetan, afrontuak eragindako oldarraldi latzenetan zein osteko itsastxoriek musikatutako eretietan eutsi diote Kantauri hegiko biztanleek euren berbari. Surf taulen gainean, presoen etxeratze, akordio eta konponbiderantz nabigatu dute. Biderik ez baitago utzitako uberaz harago, hurrengoek jarraitu ezik, urak gordetzen dituen sekretuen parte izatera igarotzen dena.
Zapatu honetan, goizeko 11:00etatik aurrera, Algortako Portu Zaharrean, gure lurra itsasoa bezain aske gura dugula aldarrikatuko dugu beste behin ere. Jon Maia, Porrotx, Unai Elorriaga, Aitzol de Castro, Eneko Acero, Zuku, Gibelurdinek musika taldea eta euren surf taulen gainean itsasoratuko direnekin; dantzatu, abestu, eta batez ere, bizi gura duen itsaso bihurtuko dugu herri zahar hau.
Erdu, eta busti zaitez!
Larrepetit
Itsasoruntz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu