Ispilutxoari ederrena nor den galdetuta zu zarela erantzuten duen bitartean, ez dago arazorik. Ipuinik ere ez. Arazoa da ispilutxoari ederrena nor den galdetuta ez zarela zu erantzun dezakeela. Badela beste bat zu baino ederrago. Hala hasi ziren Edurnezuriren amaorde sorginaren buruhausteak ere. Ez zela bera esan zionean, eta ezetz entzun beharra nahikoa ez, eta ederrena nor zen erantsi, gainera. Ondorioz etorri ziren ederragoa desagerrarazteko irrika, bihotz oneko hiltzailea, zazpi ipotxak eta gainontzekoak. Noizbait irakurri duenak badaki.
Badaki ipuin bat besterik ez dela eta ispilutxo magikoak ez direla esistitzen. Baina bai ederragoa desagerrarazteko gogoa, bihotz oneko hiltzaileak, zazpi ipotxak edo beste neurri bateko babesleak eta gainontzekoak. Eta badaki ederrena galdetzen duenak era beretsuan galde dezakeela azkarrena, maiteena, ospetsuena edo aipatuena.
Pantailak ordezkatu du ispilua. Itzalita egin dezake funtzio bertsua, baina magikoaren antz handien piztuta hartzen du. Sarera konektatuta, erabateko magiko bihur liteke eta gu, erregina. Ez da genero kontua. Pantailaren aurrean denok izan gaitezke erregina. Hain da tentagarria bilatzaile magikoari galderak egitea. Hain zirraragarri nork bere izen-deiturak idatzi, eta ispilutxoak zer erantzungo zain geratzea. Hain arriskutsu, nahi gabeko erantzuna jasotzeko prestatua ez dagoenarentzat. Eta ez gaude. Erregina maltzurraren pare. Ez zuen ispilutxoa erabiltzen erantzuna jakin nahi zuelako. Erabiltzen zuen erantzun jakin bat nahi zuelako. Beste erantzunik ez.
Sareak egin dezake ispiluarena, baina alde nabarmen batekin. Ispiluak egia esaten du. Sareak ez daki egiez eta gezurrez.
Sartu, bilatu ipuina eta irakurri bukaeraraino (ez lehendabiziko lerroak bakarrik). Hortik aurrera, gogoko ez dituzun erantzunak jasotzeko prest bazaude, segi jolasean.
Larrepetit
Ispilutxo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu