Alemaniar militar naziek 900 egunez setiatuta izan zuten Leningradoko hiria, egun San Petersburgo dena. Ia hiru milioi pertsona egon ziren preso bertan. Horietatik 700.000 goseak hil zirela diote datu ofizialek, zenbait historialari adituren esanetan milioi bat eta biren artean egon beharko litzatekeen arren zenbaketa. Horiek guztiek pairatutakoa irudikatzea zaila begitantzen zaigun arren, historiaren txatala berreraikitzeko ezinbestekoak izan dira bizirik iraun zutenen testigantzak eta egun horietan ateratako argazkiak zein film karreteak. 2006. urtean, Sergei Losnitsa zinema zuzendari ukrainarrak, ikerketa sakon baten ostean, setioa lehen pertsonan bizi eta erretratatu zuten zinemagileen zein amateurren pelikulak baliatuz dokumental lazgarri bat eraiki zuen. Losnitzak, aurretiaz beste batzuek erabakitako eta grabatutako irudiak zituen esku artean. Gertakizunak eta egoerak ikusleari ulergarri egite aldera ahalik eta ordena kronologiko eta narratiboenean ordenatu zuen materiala. Baina, bildutako irudiak mutuak izanik, filmaren bihotzak soinuaren berreraikuntzan datza, gabeziak emanez jaten sormenari. Plano batetik besterako jarraitutasun sentipena baliabide horren bitartez eskuratzeaz gain, zuzendariak, ikuslearen begirada bideratzeko ere badarabil soinua. Xehetasun planoak sortzeko ezintasunari aurre egiteko, «xehetasun soinuak» baliatzen ditu. Kamera gerturatu ezin duenez, belarria hurbiltzen du.
Ordea, testigantzak bat datoz garai hartako atmosfera deskribatzerakoan isiltasuna nabarmentzearekin. Metrajea mutua dela kontuan izanda, lehen ustean egokiena bere horretan uztea izan zitekeen. Baina Losnitsak ezin baino hobeto ulertu zuen irudi mutua ikuslea gortzen duen zarata jasangaitza bilakatzen dela gehienetan, eta isiltasunak, askotan espazioak deskribatzeko beste ezer baino ahaltsuago, ñabarduraz josita daudela. Horregatik, 80 soinu kapa baino gehiago erabili zituen isiltasun aztoragarriok zorrotz gure belarrietara helarazteko.
LARREPETIT
Isiltasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu