Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Isiltasuna

2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Isiltasuna zitalen paradisua da. Infernua ere izan liteke, baina ez kiskilentzat, soilik biktimentzat da ziega sakona. Beldurrak, ezintasunak, lotsak, minak, zer esango dituztenak... denak dira libre isiltasunak dirauen bitartean. Eta asko dirau, batzuetan bizitza osoa. Isiltasunera ohitzea badago, ordaindu beharrekoa lar bada ere; batzuetan biktima ahituta dagoelako, edo beldurrak janda, edo nahiago duelako bere horretan utzi dena eta kanborrik ez nahastu, mutu geratzen da. Sua piztu litekeelako berriz. Eta suarekin, mina, bakardadea, izua... Zelan neurtzen da isiltasuna? Metro koadrotan? Litrotan? Celsius gradutan?

Egunkarietan irakurri dut egunotan Ertzaintzak ehun bat salaketa jaso duela sextortsioagatik. Xantaiari aurre egiteko aholkua eman dute. Urrutiko intxaurrak gerturatzean lau baino ez dira, baina lau badira. Alegia, nahikoak direla, izateko. Ez da erraza salatzea eta jabetzea isiltasunaren mugarrietatik kanpo ere zulo beltzak daudela. Pairatu duzuna erakusteko gehiegi eman beharko duzu, eta horren aurrean, bada isiltasuna nahiago duenik. Oso ezaguna den plataforma batean ikusi berri dut hiru ataleko dokumentala: En el nombre de ellas: el caso KoteCabezudo (Emakume horien izenean: Kote Cabezudo kasua). Hiru ordu lakatz. Nazka, amorrua, tristura, nekeza... dena senti zenezake 180 minututan. Mila tona litro isiltasun hautsia. Biktima izandako 22 emakumeetako batzuek isiltasunaren murruak apurtzen dituzte eta bere ahotsetan, bere aurpegiekin kontatzen dituzte jasandakoak, egin zizkietenak. Beste batzuek, berriz, nahiago dute ahotsik ez agertu, irudirik ez eman. Lausoan, ordea, hautsi egiten dute isiltasuna; inpunitatea, beraz. Aitortzen dut irensten zaila dela; laringe eta faringe artean bola itogarria egiten zaizula. Lagun bati ikusteko esan nion bainaordurako ikusia zuen: horrore, terrore, pabore, idatzi zidan.

Mila tona litro isiltasunek eztanda egin zuen etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.