Goizalde Landabaso

Irreberentzia egitarauan

2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela egun batzuk, Bartzelonan, infraerrealismo mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko, Roberto Bolaño idazle txiletarraren Los detectives salvajes-en irakurketa egin zuten. Kontua da irakurketaren erdian The Poetry is Not Dead(Poesia ez dago hila) kolektiboko poeta batzuk agertu zirela oholtza gainera, zelan esan, irakurketa modu bortitzean etenaz. Pentsatu nahi nuke irakurketaren laugarren orduan, asperdurak edota linealtasunak jota, norbait suspertuko zela kolpeko agerraldi horrekin; izan ere, irreberentziatik boikoteatu nahi izan zuten Bolañoren irakurraldia. Gero ikusi nuen apurtzaile izan zirela programatutako egitarau baten barruan. Eta entsegua ere ikusi nuen: Bolañoren lana irakurtzen hasiko gara eta laugarren orduan, halako berba esaterakoan, zuek sartuko zarete basapiztiak bazinete bezala, eta margotuko duzue horma bat. Hots, matxinatze programatua izan zela. 

70ekoan Mexikon sortu zen mugimendu hau, infraerrealistak, hogei bat poetak —besteak beste Bolañok— bultzaturik. Mugimendu honetako kideek aldarrikatzen zutena zen erabateko askatasuna. Roberto Matta artista txiletarraren esaldi bat zuten ardatz: «Volarle la tapa de los sesos a la cultura oficial» (Kultura ofizialari garun tapakia txikitu). Mugimendua sortu zenean garai aztoratuak ziren Txilen eta Mexikon (Txilen, esaterako, Pinocheten diktadura zegoen). Sjón idazleak esandako esaldi batekin egin dut topo: «Poesiak bakarrik alda dezake mundua». Eta, James Webb teleskopioari esker, unibertsoko bazter batean zelanbaiteko bizi zantzua egon litekeela jakin dutenean, pentsatzen dut zer ote den, egun, kultura ofizialari garun tapakia txikitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.