Otsaileko igande eguerdi batean haurtzaroko oroitzapen ez oso goxo bat etorri zitzaidan gogora. Kotxean geunden aita, anaia eta hirurok. Kanpoan euria ari zuen, Donibanen geunden zain. Garai hartako ibilgailuak ez ziren gaur egungoak bezain ongi berotzen eta ez zen atsegina hezetasuna eta hotza. Larunbat goiza zen eta irratia piztua zegoen, bertsolaritzari buruzko saio bat. Anaiak eta biok beste zerbait jar zezala esaten genion aitari baina hark ezetz, hori zela euskaraz zegoen bakarra.
Egun hartarako erregresioa gertatu zitzaidan berriki, alabekin kotxean, Urdaibaiko errepide zoragarri batean irratian iragarri zutenean, ohiko programazioa moldatu eta eguerditik iluntzera saio berezia izango zela. Pilota partida bat omen zen eta Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia ere han ziren. Euskal Herriko FM-an entzun daitekeen euskarazko irrati publiko nazional jeneralista bakarrean, gai bakarra egun erdiz: kirola.
Frantziako irrati entzunenean, irrati publiko jeneralistan ez dago kirol saiorik. Are gehiago, astean zeharreko albistegi gehienetan ez da kirolik aipatzen ere, salbuespen dira Frantziako selekzioa, kirolen batean, finalera iristen bada, ala bereziki nabarmentzekoak diren futbol taldeen arteko norgehiagoken aipamena.
Igande hartan ezetz erabaki nuen, sarritan gure aitak gurekin egiten zuen fikzio harekin ez nuela jarraituko eta CD bat sartu nuen. Euskadi Irratian bederatzi kirol ordu izan bitartean, France Interren ordubeteko bederatzi saio izan zituzten: gastronomiako bat, politikari buruzko bat, eguerdiko albistegia (egun osoko 37 kirol minutuekin), artzaintzari eta mobilizazio ekologistei buruzko bat, historiari buruzko bat, psikoanalisiari buruzko bat, ekoizpen artistikoari buruzko beste bat, umore saio bat, haurrentzako saio bat (egun hartan haurrei azaldu zieten zergatik makillatzen dituzten hildakoak), literatur saio bat.
Ulertzen dut, mirari bat egiten dutela Euskadi Irratiko kirol saioetako langileek: hainbeste ordu hain jende gutxirekin. Baina ez dut sinesten euskaldunei asteburu osoan interesatzen zaien gai bakarra kirola dela.