Gure etxeko gela baten horma batetik kontrako hormara mugitu ditugu berriki liburuen apalategiak. Hobe zela, seguruagoa adituen esanetan, apalategia hormara betiko lotzea eta liburu guzti-guztiak lurrean jarri behar izan genituen. Orain ez dira lehen sartzen ziren tokian sartzen, asko ez ditut aurkitzen, zorionez hamarka batzuk gainetik kentzeko aukera bat izan da. Balirudike norberak etxean dauzkan liburuen aukeraketak eta disposizioak egunero sinatzen den testamentua direla: duzuna eta ez duzuna, duzunaren ordena, zeure burua liburu horien bilduman balego bezala.
Halako batean, aspaldi ikusi ez dituzun ezagunekin bezala egiten duzu ale batzuekin topo. Pasolinik 1960tik aurrera Vie Nuove aldizkarian astero irakurleen galderei erantzun zien. Galderak aktualitateko gaien ingurukoak ziren: politika, artea, morala. 1961eko maiatzaren 13ko alean Erromatik bidali zioten galderetako bat. Galderaren egileak bere burua komunismoaren ideia sozial eta ekonomikoen miresle gisa definitu zuen: «Erlijioari dagokionean komunismoa zeharo oker dago. Nola sortu da Mundua? Elizak dio sorkuntzaren egilea Jainkoa dela. Nik uste dut Munduaren aurretik beste zerbait egon behar zela». Pasolinik erantzun zion: «Ez dut uste teologia marxista bat existitzen denik. Izatekotan, arazo kosmogonikoengatik nahastuta bazaude, egile marxistak irakurri beharrean (egile marxistak ez dira gai horietaz arduratzen, ongi egiten dute gainera), irakurri, adibidez, Einstein. Eta izan beti presente arrautzaren eta oiloaren istorioa».
Badakit metaforagintzatik desagerrarazi beharko litzatekeen galderetako bat dela «ze liburu eramango zenuke irla desertu batera?» (gaur egun utopia gisa ere funtzionatzen du irlarenak, furgonetaren forman). Baina, demagun, igogailuan, teknikaria noiz iritsiko zain, sakelakoan internetik gabe bi ordu geratzen naizela, Pasoliniren I dialoghi eskura izatea litzateke plan onenetako bat.
LARREPETIT
Irla bat norberarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu