Iñigo Aranbarri.

Irizpideak

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Eliteko futbolarien hegazkin pribatuek sorturiko gas isurien haritik, 2022an proposamena zabaldu zen Frantzian. Abioia beharrean, erabil zezatela bertako ekipoek trena joan-etorri laburretarako. PSGren prentsa-aretoan egin zieten galdera taldekoei. Algara bizian lehertu zen Kylian Mbappe; Christophe Galtier entrenatzaileak «belaz dabiltzan gurdiak» erabiltzea pentsatzen ari zirela erantzun zuen.

2017an, Anna Muzitxuk ukrainar xakelariak uko egin zion Riaden jokatu zen Xake Azkarreko eta Tximistako Munduko Txapelketan parte hartzeari. Ez omen zen lehiatuko «emakumeak bigarren mailako herritar gisa hartzen diren toki batean». Hala galdu zuen txapeldun titulua. Elkartasunez, bertan jokatzekoak ziren gizonen ia erdiak ez ziren joan.

2025ean, teokrazia izaten segitzen du Saudi Arabiak, xaria du legea. Erabaki politiko guztiak Al Saud errege familiak hartzen ditu. Brunei, Afganistan eta Vatikanoarekin batera, legebiltzarrik ez duen herrialde bakarra da. Horra pobreen, emakumeen eta ez-heteroen paradisua lurrean.

Irizpide ekologikoak ipar, bost mila kilometrora jokatu da aurten Espainiako futbol Superkopa. Federazioak asko ikasi zuen Rubiales aferarekin; kontzientzia feministak bultzaturik erabaki da gizonezkoena soilik jokatzea Saudi Arabian, emakumeena Leganesen izango baita. Giza eskubideak zaintzen dituen erresuma dela, berriz, Espainia demokratikoa bera da berme. Diktadura balitz, inork uste du bertan jokatuko zela munta horretako txapelketa?

Deitutako lau ekipoak joan dira, ez du jokalari bakarrak ihes egin kontzentraziotik, ez du inork ezelango protesta agiririk atera. Pena bakarra: urruntxo izanik, bertoko zaleen beroa izan dutela ments harmailetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.