Hedoi Etxarte

Iraultzaileen alabak

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Bitxia da mezu intimoek pertsonaia historikoez eta haien inguruaz esaten digutena. Zentzu horretan, eskura iritsi zaizkidan korrespondentzien artean dagoen ederrenetako bat da Karl Marxek eta Jenny von Westphalenek haien alaba Jenny, Laura eta Eleanorrekin izan zituzten gutun trukeak.

Bildumari Sheila Rowbothamek sarrera idatzi zion eta hantxe jasotzen du hiru alaben amak nola idatzi zion Bertha Markheim lagunari 1863 hasieran, alabez: "Preziatu hitza haientzako egokia ez bada ere, esan behar dut, nahiz eta nire amatasunaren harrotasuna irrigarri gera daitekeen, hirurek dutela itxura txukun eta interesgarri bat. Jennychek adats, begi eta gorpuzkera harrigarriki beltzarana du, eta oso irudi erakargarria du dauzkan masail gorrituengatik eta begi xamurrengatik. Laurak tonu zurbil eta argiagoa du denean eta, are gehiago, haren ahizpa zaharra baino ederragoa da, zeren dauzkan ezaugarriek distira egiten baitute plazerez gaztaina kolore iluneko betile luzeen pean. Hirugarrena, nire haurtxoa, goxotasun, xarma eta ume-frenesi eskukada bat da».

Elkarri gurutzatu zizkioten dozenaka gutun hauetan eguneroko bizitzako pasarte ederrak daude, antikomunismoak mende eta erdian erein duen iraultzailearen irudi dezimononiko, gogor, sentimendurik gabeko eta automataren guztiz aurkakoa aurkitzen da bertan. Baina Karl eta Jenny bikotekideak egin zuen hautu politikoak nabarmen ekarri zien pobrezia eta ezintasuna. Hala idatzi zuen beste gutun batean Marxek berak: «Badakizu nire ondasun guztiak sakrifikatu ditudala iraultzaren kausarengatik. Ez naiz damu. Kontrakoa. Berriro ere hasi behar banu nire karrera, gauza bera egingo nuke. Baina ez nintzateke ezkonduko. Nik daukadan boterea iristen den tokiraino, nire asmoa da nire alabak ekidin ditzala nire emaztearen bizitza hondoratu duten oztopoak».

Jakina da nola amaitu zuten alabek: 1898an Eleanorrek bere buruaz beste egin zuen, 1911n senar Paul Lafarguek eta Laura Marxek beren buruaz beste egin zuten, 1882an alabaz erditu eta hilabetera hil zen minbiziarekin Jenny, 38 urte zeuzkan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.