Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Iraultzailearen burmuinaz

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hilko garenean gure gorputzekin bizirik daudenek egingo dutena erabakitzea izan beharko litzateke bizidunon arduretako bat. Sarritan ez dugu horretan pentsatu nahi, hala heriotzari bizkarra emango bagenio bezala. Mugimendu iraultzaileetako kideek mendetan izan duten ardura handietako bat ere horri lotuta zegoen: nola eman bizkarra erlijio zapaltzaileei, zer egin iraultzaileen gorputzekin hilko direnean.

Lenin, adibidez, baltsamatu egin zuten, faraoiak bezala. Baina baltsamatu aurretik lau ordu eta berrogei minutuko autopsia bat egin zioten. Autopsiaren erdia egina zutenean Leninen burmuina ireki zuten eta heriotzaren arrazoia aurkitu. 1924ko urtarrilaren 21ean buruko isuri bat jasan zuen, odol ugari sartu zen Leninen burmuinean, gehiegi, zain esklerotikoek bidaltzen zutena baino puskaz gehiago.

Presioa handiegia izan zen eta burmuinaren paretak hautsi ziren guztia odolez gainezkatu arte. Leninen hileta egunean autopsiaren txosten ofiziala argitaratu zuten. Burmuina Cecile Vogt-Mugnier eta Oscar Vogt neurologoek aztertu zuten, zeharkako 10.000 gardenki egin zizkioten organoari.

Bereziki interesgarria da nola bukatu ote zuten vogtarrek Leninen burmuina aztertzen, gorriak baziren ere politikoki ez zeudelako, zehazki, aztertu zutenaren posizio politikoetan (Leninek gaitzetsi zuen Jules Guesde sozialistaren ezker muturreko tendentziakoak izan ziren, komunismoan bukatu ez zuen SFIOren adar batean).

Kontua da, Susan Buck-Morssek jaso zuenez, Leninen burmuinaren txosten publikoa irakurri eta intelektual sobietar batek, txostena publiko egitea kritikatu zuela:zertarako zabaldu zuten? «Lenin materia soila zen, beste deus ez, garezurreko hemisferioen konbinazio bat, hesteak, barrunbeak, bihotz bat, giltzurrunak, bare bat...» eta 1.340 gramoko burmuin bat. Eta garaiko neurologoek ez baina egungoek arrazoi emango liokete intelektual horri, Wikipedian irakurri dudanagatik: ezin da burmuin bat fisikoki aztertuta kokatu non sortzen diren ideia apartak materia horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.