Ez dakit zein abizen duen Blancak. Badakit, ordea, 78 urte dituela eta azken berrogeita hamar urteak Bartzelonako Barri Gòtic-eko etxe batean eman dituela. Hots, bizitza bat. Zenbat gomuta batu ditzakete berrogeita hamar urtek? Etxea soinean daramagun zera hori da, baina pilatzen zaizkigun sinbolismoz beteriko elementuak ere ez ote dira gure etxe? Duela egun batzuk etxetik bota dute Blanca. 88 euroko zorra ei zuen jabearekin. Etxe gabe geratu da. «Ez dut joan nahi. Ez dut nahi. Erregutzen dizut», ziotsen hara batutakoei. Hara ezkondu zen 60ko hamarkadan. «Hemen nahi dut hil», zioen. Hiriko udaleko langileak ahalegindu dira jabearekin negoziatzen, baina, errenta zaharra zuen Blanca bota egiten dute. Gòtic auzoa hain da ederra; Blancak ordain zezakeena hirukoiztu edo laukoiztu dezake jabeak.
Zelan gerta litezke horrelakoak? Zelan ez dago lege neurririk hau gelditzeko? Arrailgarria da egunotan hedabideak ikustea/entzutea/irakurtzea. Eskerrak, behintzat, Europako banketxeak, eta batez ere Espainiako estatukoak, pozik dauden. Estatu espainiarrekoek iaz inoizko mozkinik handienak lortu dituzte: 26.000 milioi euro garbi. Baina horri gehitu behar zaizkio funts hornidurak eta diru hornidurak: 46.000 miloi euro baino gehiago. Sardinian Silvio Berlusconik zuen etxola eros lezakete (500 milioi euro) edota Michael Jordanen zapatila erabili eta izerdituak (6 milioi euro). Ziurrenen, lehenago erosiko lituzkete horiek Blancaren hileroko 88 euro horiek baino.
Saiatzen ari naiz, indar betean, baikorra izaten. Samindurak harrapa ez nazan maratoi itzela egiten dut. Egun batzuetan, ordea, zein zaila den mundua.