Hustu zaizkigu kaleak, egin dituzue maletak. Urtetan udan lan egin dugunok badakigu zeinen atseginak bihurtzen diren lasaitasun egunok: hiria gozatu egiten da, egun luzeak lana eta aisia uztartzen uzten dizu. Gaizto jarrita, falta diren auto horiek itzuliko ez balira patxada ederrean bizi litekeela pentsatzen duzu. Ostiral ilunabarrean urdueraz, arabieraz, arriferaz, Nigeriako ingelesez eta Boliviako espainieraz entzun ditut jendeak etxera bidean. Denak iparrera begira etorriak.
Nik ere, iparrera begira, Baionamin dut, aurten ezin Errobiaren hegitik bestarik egin. Kasu, hala ere, igande gauez ez ote garen lapurtartzen. Ramadanaren aitzinean jai hoberik? Iparrera begira, Hego Euskal Herrira begira dauzkagun samiez eta Norvegian erbesteratutako lagun kurduez arduratu naiz egunokin. Triste baina denak ondo daude. Negarrak ihes egin die azken biktimaren omenaldi kristau-islamikoan, gure antzera musulman ateoak izanagatik. Ez irmotasun, ez mehatxu, ez klixe antiterroristarik. Populismo ultrak habia egina zeukan Eskandinavian, baita gure hirian ere: gure hirian elizak eraiki eta meskitak eta kukutzak ixteak gehiengo absolutua dakar. Nahiago Zorrotzako portuan aldarri egin, Stavanger eta Bergengo ontziak Olabeagara bueltan baletoz legez. Beti egon gara iparrera begira, arrosa gorriak oraindik arrosa gorri esan nahi duen Itakara.
Baina tematzen dira, tematzen direnez, hegoaldera begira jar gaitezen. Azaroaren 20an aukeratu behar dugula dioskute. Aukeratu, nork gobernatuko gaituen hobeto, Jose Antoniok ala Santiren hiltzaileek. 2011ko azaroan Zuberoan dago hitzordua,350 urte lehenago ebakitako Matalazen burua Lextarretik jasotzeko. Memoriak Otxandiotik Larragara, Sartagudara garamatza asteotan, eta azaroan «herria, herria» aldarri eginda segiko du Mitikilen barna Intxorta, Durango, Bizkargi, Gernika eta Turtziozera, Amaiurrera iritsi baino lehen. Madrileko bidaiak joan-etorrikoak baitira beti.
Larrepetit
Iparrera begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu