Egia erran, hasieratikez dut ulertu, eta segitzen dut traba batekin Durangoko Azoka iristen denean. Badu dozena bat urte Ipar Euskal Herriko ekoizleek beren txokoa dutela Durangoko Azokan. Aurtengoa ez da arras txokoa, baina Ipar Euskal Herriak zer ekoizpen berri daukan urte bukaera honetan azaltzen duen bideotxoa badu. Ikusgarritasunean irabaztea litzateke argumentua. Agian egiturentzat da garrantzitsua? Euskal Kultur Erakundearentzat? Bere eremuko artistak, ekoizleak, laguntzeko? Gerediagarentzat, Ipar Euskal Herria ez duela ahanzten erakusteko?
Bizkitartean ni saiatzen naiz irudikatzen delako txoko horretara datorren pertsona hori. Zergatik garrantzitsua zaio jakitea Iparraldean ekoitzia dela? Zer eskaintzen dio lokalizazio horrek? Esentzialismoan erortzeko arriskua sentitzen dut hor, pertsonalki. Eta baita euskararen zatikatzearen joera batean. Ipar Euskal Herritik ere, behin baino gehiagotan entzun izan dut iparraldeko euskaran idatzi liburuen irakurtzeko nahi hori, eta azkenaldi honetan baita zuberotarrezko egokitzapenak ere biderkatzen doaz —Nola Erran hiztegian barne—.
Batzuetan gertatu zaizu galdetzea: «Euskalduna?». Bada, niri «Iparraldekoa?» da egiten zaidan oharra. Erranen didazu aitzinamendu bat dela, lehen agian «Frantsesa?» ziotela —gertatzen da oraindik—, nahiz eta euskaraz aritu.
Euskalduna izatea ongi zait niri, zinez. Sinpleki. Ipar hori kentzea ahal den bakoitzean. Komunitate berean parte hartzea. Bakar batean. Hizkuntzak permititzen duen mugarik gabeko eremu horretan. Badakizu, Joseba Sarrionandia idazleak aste honetan aipatu duenaren hari beretik. Euskaraz idatziz «komunitate» baten parte ikusten duela bere burua esplikatu du. «Pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten parte izateagatik». Edertasuna bilatzeko modu bat baino gehiago, literatura «bizitza komunitarioan» parte hartzeko formatzat dauka Sarrionandiak.
LARREPETIT
«Iparraldekoa?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu