Joan den igande gauean Macronek Asanblea Nazionala disolbatzen zuela eta hauteskundeetara deitzen zuela iragartzean, irrati bateko estudioan nengoen, eta ahotik mikrofonora atera zitzaidan lehenbiziko esaldia izan zen: «Segundo gutxitan Macronek gaurko gaua entretenigarria egin du». Segituan ikusi nuen Ekhi Erremundegi etxe honetako kazetariaren txioa, eta listua tragatu nuen. Ups. 50 kilometrora gaude Ekhi eta biok, eta niri jokaldi dibertigarria iruditzen zaidana, beretzako desastre bat da: lana planifikatzeko —EHZ eta sanferminak erdizka bizi beharko dituzte aurten Ipar Euskal Herriko lankideek—, baina batez ere Europako bozen emaitzek Ipar Euskal Herrian utzi duten argazkiagatik.
Hegoaldean ezker subiranistaren emaitza onak ospatzen ari ziren une berean, Le Penen jarraitzaileak ospatzen ari ziren nagusi izan zirela Baionan, Kanbon, Uztaritzen. Bestela esanda: imajinatu EH Bilduk erabakitzen duela ez aurkeztea Europako bozetan, eta Usurbilen Voxek irabazten duela. Ez duzue uste sekulako astinaldia izango litzatekeela?
Badakit ezin direla bi kultura politikoak konparatu, baina irudipena daukat igandeko emaitzekin hegoaldekook izan dugula halako erreakzio bat, Murtzian eskuinak eta ultraeskuinak irabazten duenean bezalakoa: asko sentitzen dugu haiengatik, aitortzen dugu feministentzat, LGTBIQ+ kolektibokoentzat, migranteentzat eta antifaxistentzat bizigaitza izan daitekeela… baina kito. Txio kolpean amaitzen da gure elkartasuna. Izan ere, ez dakit gutako zenbatek sentitu genuen astelehenean faxismoari aurre egiteko Baionan deitu zen elkarretaratzera batzeko inpultsoa.
Horri bueltaka ari naizela, A-ren Instagrameko post bat ikusi dut. Bertan ohartarazi du bere eskualdeko bost herrietatik hirutan irabazi duela eskuin muturrak, eta kezkatzeko arrazoiak badaudela: Irunen sozialistek, Hondarribian jeltzaleek, eta Urruñan, Hendaian eta Biriatun eskuin muturrak. Zapla eman dit partekatu duen mapak aurpegian. Euskal Herriaz ari gara, eta gu Murtzia delakoan.