LARREPETIT
Inurriak
Igande arrats txotxolo horietako batean ezagutu nuen Christopher Leiningen. Geldiezina zenmarabuntaren kontra borrokatzen zen filmetik begiak kendu ezinik egon nintzen. Leiningen sentitu nintzen egun buruzuri batean sukaldeko argia piztu eta marabunta beltz bat ikustean. Inurri bidea leihotik fruta-tokira egin zuten. Asko hil nituen eta apur batzuek atzera buelta egin zuten modu antolatuegian. Ez dira berriro sartu. Lehengoan, baina, arduratu nintzen. Frantziako Ikerketa Zientifikoetarako Zentroak (CNRSk) egindako ikerketaren ostean zera ondorioztatu dute: espazioan kokatzeko izugarrizko gaitasuna dute eta hiru memoria mota dute. Hiru. Jakin-minaren zuloa zabaldu zidan artikuluak. Aitortu behar dut ez ditudala bereziki maite, are gutxiago, etxera sartzen zaizkidanean. Inurriak, nonbait, estrategikoak eta bidaiariak dira eta epe labur eta luzerako oroimena omen dute. Smithsonian magazinean irakurri dudanarengatik jakin dut soilik usainaren memoriagatik jakin dezaketela non zegoen janaria. Alegia, itzul litezkeela. Nire beldur guztiak hauspotzeko Saharako inurria dago. Antza, jatekoaren bila eta bila aritzen da milaka tona hondar artean, eta habiatik asko urruntzen bada ere gai da etxera buelta egiteko. Zorionez, etxeko inurriak ez ziren Saharakoak. Dena, ordea, ez da poztasuna izango. Zuhaitzetan kokatzen diren zorriei esker bizi dira inurriak, eta belaunaldiz belaunaldi kokapena gogoratzeaz gain bertakotzen dira belaunaldiz belaunaldi. Neguan lur barruetan gordeta egoten ei dira, desagertuak bezala, eta beroa itzultzen denean inurri zahar eta berriak elkarrekin irteten dira zaharrak berriari erakuts diezaion zein den bidea. Hona helduta ziurrenen badakizu zein den nire egonezina: etxera sartu zen marabunta horrek ondo gogoan duela bidea, zaharrek berriei erakutsiko dietela non dagoen fruta-tokia; eta, finean, nik pentsatu beharko dudala gerra estrategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu