Maider Galardi

Intoleranteak

2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

«Bandera honek urdaiazpikoaren intoleranteak uxatzen ditu». Bere lagunari hori esaten ari zela pasatu da Francisco gure ondotik Granadako udako arratsalde eguzkitsu batean. Ez da bere benetako izena, jakina, ez dakigu haietaz ezer gehiago. Momentu hori harrapatu dugu, besterik ez. Ez dakigu bere izena, baina itxuragatik hamaika bat urte izango zituen, eta Espainiako bandera zeraman kapa moduan sorbaldetatik zintzilik. Berak ere ez daki nor garen, baina Antropologia Feministako II. Kongresutik atera berri gara. Ikusi ditugu mutikoak urrutitik, eta elkar begiratu dugu. Mutikoekin gurutzatu gara, eta Franciscok zioena entzun dugu. Berriro begiratu dugu elkar, eta antropologoak hasi dira esaldi horren esanahia deszifratu nahian.

«Begetarianoen eta beganoen kontra daude!», dio batek. «Oxala turisten aurkako aldarria den», pentsatu besteak. «Aipu erabat islamofoboa izan da», iradoki du zorrotz azkenak, eta ebatzi dugu hausnartzeko bezainbat interesgarria dela planteatu duen hipotesia. Ultraeskuinetik —baina ez bakarrik— hedatzen ari den diskurtso arrazista eta islamofoboa horren presente dagoen, ezen espainol petoak —urdaiazpikozaleak— eta besteak —alegia, kulturaz txerrikirik jaten ez dutenak— esaldi bakar batean erraz bereizi daitezkeen. Onak eta txarrak. Bertakoak eta inbaditzaileak —a ze txiribuelta historikoa!—. Hiritar eredugarriak eta barbaroak. Granadan egon arren, sarean ikusi ditut Bilbon eraso dioten Badr meskitaren irudiak, eta iristen zaizkit Donostiako auzotar zenbaiten eta poliziaren jokabide islamofobo eta arrazisten oihartzunak. Buruan irudikatu dut hemendik ez hainbeste barru txosnetan mutiko bat ikurrina kapa gisa jarrita, zera esanaz: «Bandera honek kalimotxo, kaña edo zernahi alkoholen intoleranteak uxatzen ditu». Hotzikara bat sartu zait, eta pentsatu ea nor den intolerantea norekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.