Iñigo Aranbarri.

Interes eremua

2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

Orduko hartan, juduei heldu zieten aurrena. Gerran buru eta belarri zebilen Alemaniak behar zuen Siemens; eta Siemensek, buru-belarriak baino, eskulan merkea. Galera bilakaturiko lantegietan, tortura erabiltzen zen ekoizpena (eta beraz, mozkinak) handitzeko. Ez ziren SS beldurgarriak, enpresako enkargatuen esku zegoen diziplina. Eta hala, kontzentrazio-esparruetako gatibuak erabili zituen Siemensek, izan haiek judu, atzerritar, gerrako preso, bazterreko xomorro edo edonongo gorri-jende. Eta bidean deus gal ez zedin, esparruetako tximinien ondoan altxatu zituzten berenak.

Gerra amaituta, nazien buruak epaitu zituztelarik, libre geratu ziren III. Reich-arekin kolaboratu zuten enpresari guztiak. Inork ez zuen inongo ardurarik hartu egindakoaz eta hutsaren ondorengo kalte-ordainez zuritu zituzten buru-ipurdiak. Eta halaxe sartu ziren Alemania berrian, fortuna ederren jabe.

Egunotan, uztarri berean agertu zaizkigu guztiak ostera ere. Estreinakoz ordutik, aldarri publiko bateratua egin dute Europako hauteskundeen atarian. Siemenseko egungo buru Roland Buschek leitu du agiria. Ez emateko, mesedez eta faborez, botorik eskuin muturrari. Ez da esklaborik ez torturarik aipatu, langileak bai. Populismo merkeak kalte gaitza egiten diola Europaren batasunari, desorekak eragiten dituela eta, abisua, migrazio antolaturik gabe ezin izango zaiola oparotasunari eutsi.

The Zone of Interest filmean, paradisua eraikitzea da Hoss senar-emazteen ametsa. Norberen interes hutsez sorturiko eremu zerukoa, non eta Auschwitzeko hormaren bestaldean. Benetan ere, gauza askoren metafora zorrotza da Jonathan Glazerren lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.