nerea loiola pikaza

Ingelesa

2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Uste zuen gaiaren inguruko erabakia irmoa zela. Uste zuen hartutako erabakia zuzena zela. Baina dena zalantzan jarri zaio semeak eskaera egin duenean: "Ingeles eskola batean eman nahi dut izena".

Duela hamarkada bat hasi zen buruhaustea, semeak bi urte zituenean, ingeles eskola batek sona handia hartu zuenean haurrentzako ikastaro goiztiarrak eskainiz. Zenbat eta lehenago hasi, hobe. Haur txikien burmuina moldagarriagoa da. Belarria ohituko zaie eta modu naturalean ikasiko dute hizkuntza. Zuek ez zenuten halakorik egin eta ederki sufritu duzue gerora ingeles tituluak lortzen. Ez, azken esaldi hori ez zuten esaten, baina aurreko guztien oihartzun gisan agertzen zen helduon gogapenetan.

Bi urterekin ingeles eskolan hasi ez zirenak hiru urterekin hasi ziren, edo, beranduenez, bostekin. Hala, semearen gelakideen %90 ingelesa ikasten aritu da eskolaz kanpo Lehen Hezkuntza osoan zehar.

Lehen Hezkuntzako azken urtean dago semea orain. Eskolako ingeleseko irakasleak dio dagokion hizkuntza maila arazorik gabe ematen duela. Irakasleak dio, halaber, gelako maila orokorra eskatzen dena baino dezentez altuagoa dela eta, horregatik, beharbada, egia dela berak ere exijentzia maila handitu duela, eta normala dela semeak sentitzea ez dela iristen. Baina, berez, dagokion maila izan baduela.

Emakumeak ez du irakaslearen azalpena gaitzetsi, ulertu dezake haren jokabidea. Eta eskolatik atera orduko herriko dozenaka ingeles akademiak begiratzen hasi da. Arantzatxo baten moduan iltzatuta geratu zaio, ordea, burutazio bat: ai gure eskoletako irakasleek euskararekin ere arazo bera izango balute! Beste kanpai batek egingo liguke dilin-dalan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.