Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Infernua

2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zer da infernua? Hasteko, botereak asmatu zuen toki beldurgarri bat. Foucaultek botere mota horri tanatopolitikoa deitu zion. Hau da, heriotzan oinarritutako botere politikoa. Batetik, heriotzarekin zigortzen da zuzen-zuzenean, eta, bestetik, bizitza eta horren ondoren dagoen mundu mistiko baten sarrera kontrolatzen dute. Horiek dira elizaren boterearen sustraietan aurkitu daitezkeen bi elementu.

Askotan, magia eta jokoa aipatzen ditut; kasu honetan, antzekoa gertatzen da. Heriotza bizitza kontrolatzeko erabiltzen da. Gainera, moralitate zuzena eta zorrotza inposatzen da, baina basakeriarik gogorrenak burutzen dira. Horren adibide argiak: erregimen faxista guztiak babestea, umeak lapurtzea, umeak bortxatzea...

Zertara dator txapa hau guzti hau? Bi berriek sortu didate gogoetarako grina, elizak botatako bi perla. Tipo batek homosexualak eta putak infernura kondenatu ditu, eta beste batek bortxaketa zigor kodetik ateratzeko proposamena egin du. Lehenengoa, Alkalako gotzaina izan da; besteak, Rouco Varelak zuzentzen duen aldizkari batean idatzia utzi du. Bortxaketarena irakurtzea oso gogorra izan da. Elizgizon horren arabera, sexua denbora-pasa bat izan da; bortxaketa hain gogor zigortzeak ez du zentzurik. Nondik atera dira tipo horiek? Nola izan daitezke hain gaiztoak? Teorian, tipo horiek moral zuzenekoak dira, baina praktikan sadikoenak eta sikopatenak beraiek dira.

Elizgizon horien hitzak irakurtzen nituen bitartean, Santillana del Marren dagoen erakusketa batez gogoratu nintzen. Inkisizioak erabiltzen zituen torturarako gailuen erakusketa etorri zitzaidan burura. Han ikusi nituen jendaila horrek egin ditzakeen astakeriak. Homosexualak zerraz bitan banatu, emakumeen baginak lehertu, titipuntak errotik atera, brontzezko zezen baten barruan jendea egosi... Beraiek asmatu dituzte torturarako dauden gailurik ikaragarrienak. Horretan datza beraien boterea, beldurrean. Horiek, behintzat, ez dira errukiorrenak, ezta onenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.