Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Inaziotar bidea

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Etorkizunari begiratu behar zaiola diot; nahi baino sarriago laketzen naiz, baina, iraganaren azpilduretan. Eta hala, espero gabeko bazterretan harrapatzen dut neure burua tarteka. BECen, esaterako, gangarra urratu beharrean La Pollaren letrekin. Erdaraz, noski.

Gogoan dut noiz ikusi nuen estreinakoz: Pasaiako sarraskiaren lehenengo urtebetzea zen. Gogoan dut non: Azpeitiko udaletxeko arkupeetan, alkateak Kurroren eta Pelitxoren gorpuak batzar aretora igotzea ukatu eta hilkutxak egon ziren toki berean (lur hotzaren gainean biak, pipa azal artean). Hantxe eman zion su Evaristok gurutze bati, non eta San Inazioren herrian. Eta duintasun ukatu hura orro batean: «demokrata eta kristaua zara, har ustel bat zara!Kristo, kristo, a ze diszipuluak zureak!».

Gero, urak bere bidea eginda, ezer gutxi egiten da zurgarri. Ez lehendakari sozialista bat esaten garai batean berak ere askotan egiten zuela kantu eta dantza Kortaturen Sarri, Sarri-rekin, ez eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari bat publikoki aitortzen zer ondo pasatu duen ehunka lagunek «Estatuari gerra! Gerra beti!» oihukatu duten kontzertu batean.

Horrexegatik ez nau neure buruak batere harritu ordukoak abesten ikusi dudanean, Evaristoren letrak punk-poesia bikaina diren aitzakian. Neu eta neure kontraesanak, beste inork egitera, muturra okerrarazten didan horretan: pozik erdaraz euskalduna, plaza betean.

Azpilduretan aztarrika, ez BECen, erakustazoka zaharrean naiz, esango nuke La Polla zela orduan ere, poliziak itxitako egunkari batek antolatutako jaialdian. Tartean, hizlaria komunikatua irakurtzen. Euskaraz aurrena. Txalo. Gazteleraz ondoren. Txistu eta oihu: «Euskal Herrian, euskaraz!». Batzuei barkatu zitzaiena bihurtu zitzaion harri tranpaldo gainekoari. Esan beharrik ez dago: gauza inportanteek hala behar dutelako, egunkariak gazteleraz ateratzen zuen hamarretik zortzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.