Ulertzen dut pertsonak gogoratzeko data borobilak hautatzearena. Ezker-eskuin zeharkatzen naute efemerideek neu ere, hainbeste, ez baitut jakiten egunekin zer egin ez badira zerbaiten urteurren. Horregatik egiten zait ulergarria Imanol maite dutenek 75 zenbakia hautatzea ere. Baina zifra nik hautatu beharko banu, 73 litzateke. Aurtengo udaren hondarrean, Ion Celestinori esker, esku artean izan nuen eta behingoz dedikatu nion patxada Imanol Larzabalek —ordura arte Michel Etxegaray gisa sinatzen zuenak— bere izenarekin argitaratu zuen aurreneko LPari: Orain borrokarenean. Disko horrek ez du merezi estreinaldi gisa gogoratzea. Bere balioa ez da promesarena, malefizio bat da Imanolen diskogintzan. Imanolek argitaratu zituen ia bi dozena diskoetan, puskaz onena izan zen. Gerora makalduko zitzaion ahotsa, dekadentziarekin maiteminduko zen, kutrekeriara erabat lerratu arte.
Inork gaizki interpreta ez dezan, gure etxean beti izan gara Imanolen zaleak, 90eko hasieran, Iruñeko Eskolapioen aretotxoan ez ginen lau dozena lagun baino gehiago egoten. Biniloak dauzkagu etxean.
Motibo zilegi baina artearekin harremanik gabekoek jarri dute goregi Imanolen karreraren bigarren erdia eta, kurioski, desagerrarazi bere lan behinena, aurrenekoa. Bizitza osoa bere gaztaroaren kontra borrokatu zen poetarenak dira diskoko hitz gehienak, Mikel Azurmendirenak. Logikoa da den-denek estali nahi izatea 1973ko Imanol. Ze politikoki ez da ETAkoa ezta ETAren kontrakoa ere; programa politikoa dakar LPak, hala hasten da: «Euskadiko historia Espainiako gainerantzeko herrien historia da: gizonen, emakumeen eta haurren esplotazioaren eta zapalkuntzaren historia, burgesiaren eskuetan. Bortxazko desjabetze berberaz egin gaitu guztiok historiak».
Duda gutxi 73ko Imanol gaur Ziakhus & Dürüm Solo Karne etaJ Martinaren ildoa lantzen ariko zela.
Bizitzako irakaspen onartezina izaten da gaztetan zuzen eta heldutasun osoan oker ibili zarela ohartzea zahartzaroan. Eta zaila da Imanolen gainbehera artistikoa eta estetikoa bere deriba politikoari ez lotzea; gogora dezagun, beraz, 77an bukatuko zen 73 basati hura.
LARREPETIT
Imanol Larzabal 73
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu