Goizalde Landabaso

Ilusio berria

2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Espainiako aldizkari arroxetan bada esamolde bat (euskal aldizkari arroxarik balego ziur nago guk ere erabiliko genukeela) maiz agertzen dena: ilusio berria. Hori esaten diote aldizkari hauetan agertu ohi den norbait (normalean bikote gabekoa, edota, sarri, bikotea utzi berritan) beste norbaitekin modu erromantikoan azaltzen hasten denean. Gure inguruan «hor dabil halakoarekin, ea zer gertatzen den» glamourrik gabekoa darabilgun bitartean, aldizkari hauetan, «ilusio berria dauka» esaten diote. Zakarrak gara behe-laino artean, edo ez dugu ilusiorik. Azken boladotan Kamala Harris AEBetako lehendakarigaiarekin hori pasatzen ari dela iruditzen zait: ilusio berria da askorentzat. Fededun berri eta zaharrak. Neuretzat handik datorrena, politika barne, Hollywoodeko gidoi bat da; batzuetan hobea, besteetan okerragoa, baina edozein unetan hiriko zinematara etorriko den produkzio garestia. Europako zinemagintzarekin, eta errealitateekin, batere zerikusirik ez dutenak.

Ez naiz fededuna, eta alde horretatik, ez dut uste Harrisek munduari ezer berririk eskainiko dionik; alegia, film hori ikusia dudan sentsazioa dudala. Izan ere, daitort, aspalditik zelanbaiteko desintoxikazioan sarturik nago. Eta azken boladotan bihotza apur bat kitzikatzen didaten hango bakarrak idazle amerikar natiboak dira; niretzat aurkikuntza ustekabekoa. Louise Erdrich, Kimberly Blaeser edota Joy Harjo, esaterako. Azken honen poema bat aurkitu dut gaur berton: «Inporta duen guztia hemen dago. Datozen milaka urteetan garrantzizkoa izaten jarraituko duen edozerk jarraituko du hemen egoten». Horiek, ordea, ez dira ilusio berriak. Horiek erresistentzia zaharrak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.