Iñigo Aranbarri.

Ileismoa

2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

Paul Austerren Kristalezko hirian, esperimentu bihozgabe baten biktima da Peter Stillman. Erabat isolatua, inorekin traturik gabe haziko da. Zulotik ateratzen dutelarik, zezelka mintzo da, hirugarren pertsona darabil bere buruaz ari dela. Hori bera da haur askoren joera. Nagusiek ere, halaxe egiten diete sarritan. Lau urtean dute jarria muga psikologoek. Hortik goiti, eritasun neurologikoren baten seinale izan omen liteke ileismoa.

Baina muga pasatu, pasatzen da. Ez edonork. Adibide klasikoena Julio Zesar da. Hitzetik hortzera Zesar darabilela kontatzen ditu bere borroka guztiak Galietako gerrak ezagunean. Trumpek ere sarritan darabil Donald zein Trump bere diskurtsoetan. Futbolean, berriz, Pele. Azaldu zuen zergatik: «Pelek ez du naziorik, ez arrazarik, ez erlijiorik, ez kolorerik. Mundu guztiko jendeak maite du Pele. Edson, berriz, beste edozein bezalako gizon bat da». Bata kontzeptua da; bestea, identitatea. 

Gurean, Urkullurena da klasikoa: «Lehendakaria zelan dagoen galdetuko diozue zeuen buruari. Iñigo sendo dago». Berriki, berdintsu biluztu zen hemen bertan Pello Reparaz kantaria: «Zetak aldatu den horretan, Pello aldatu da, eta Pello aldatu den horretan, Zetak ere aldatu da».

Botere moldea maiz, gizon era ia beti, ez omen genuke keinu nartzisistatzat  hartu behar izenordainak ez erabiltzea. «Jakinduria handiagoz pentsatzen laguntzen du», diote berriki argitaratutako ikerketek. Hala, subjektibitatetik urrunduta, erabaki hobeak hartzeko teknika litzateke ileismoa. 

Zuhurtziaren dohaina, beraz, harrokeriaren erakustaldia ikusten nuen tokian. Bistan da, gauzak nola datozen ikusita, badu Aranbarrik bere itsumenditik jalgi eta ikasteko garaia. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.