Sugarrak Minneapoliseko polizia-etxea irensten, Minnesotan. Bertan lan egiten zuen Derek Chauvinek, El País egunkari etikoak maisuki aurkeztu duena: «George Floyden lepoa hau hil aurretik belaunaz estutu zuen polizia zuria».
Egunak daramatza sutan Minneapolisek, 2018an Fergusonek bezala, Minnesotan. Orduan Michael Brown deitzen zen Floyd, eta Darren Wilson Chauvin, armarik ez zeraman gaztea tiroz hil zuen polizia. Tartean behin, halaxe, kiskalitako hirien irudien bidez erakasten zaigu Estatu Batuetako geografia. 2001ean Cincinnati izan zen, Ohion. Tim Thomas zuen izena gazteak, eta Stephen Roach poliziak. 1992an, Rodney King gogor jipoitu zuten lau polizien absoluzioak sutu zuen egoera San Frantziskon, Atlantan, Las Vegasen eta New Yorken. 59 lagun hil zituzten liskarretan. Liberty Cityn ere, Miamin, lau izan ziren justiziak 1980an errugabetzat jo zituen poliziak Arthur McDuffie kolpeka hil ostean semaforoa gorrian pasa eta gero. Eta 1965ean Watts, Los Angeles. Trafiko kontu bat tarteko orduan ere, Marquette Frye atxilotu zutenean hasi zen guztia. 34 izan ziren hildakoak.
Behin eta berriro datorren albistea da Minneapolisekoa. Aktoreak, izenak izen, beti berak dira. Gazte afroamerikar bat da hila, eta zuriak polizia hiltzaileak eta epaile zuritzaileak. Egoera lehertzen duen gertaera, berriz, txorakeria hutsa da maiz. Floyden kontrako salaketa 20 dolarreko billete faltsu bat erabili nahi izatea izan da. Gainerakoa, eguneroko bizitzak sedimentatu du leba eta bare: biktimen bizi baldintza prekarioak, Poliziaren osaketa arraziala eta mendeetako dinamika estrukturalak, klase sozial batek fosilduak, zabalago batek babestuak eta hedabideek gordeak, harik eta desoreka ikuskizun bilakatzen den arte.
Eta guk, ustezko urruntasuna babes, amorrua ez dela soluzioa diogu, peace and love, sugarren indarrari gehiegizkoa deritzogun artean.
LARREPETIT
Ikuskizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu