Hedoi Etxarte

II. Errepublikari tiraka

2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurleak aspertu arte aritu naiz hemen, kalean eta sare telematikoetan, ikuspegi iraultzaile batetik Espainiako II. Errepublikaren iritsiera ospatzearen garrantziaz. Funtsean, orduko sozialistek, abertzale errepublikazale laikoek, komunistek, gisa guztietako sindikalistek eta langile oposiziokoek ospatu zutelako eta hasi zen unetik erreakzionarioek eta kapitalaren lekaioek konspiratu zutelako lurperatu zuten arte.

Eta, ordea, bada Errepublikari egin behar zaion osoko kritika bat, zeharo absente egon izan dena azken mende erdian memoria elkarte ia guztien aldetik. Absentzia, gainera, 1936an fusilatu eta errepresaliatutakoen erabilera perbertso baten gainean egin izan da. Aurkezten da II. Errepublika iraultza baten osteko proiektu gisa, hartzen dira azaleko zertzelada batzuk eta horiekin garatu ezin izan zen jauzi progresista bat jazo zela pentsarazten da. Adibidez, Errepublikari esker izan zuten emakumeek bozkatzeko eskubidea eta aura bat atxikitzen zaio pentsarazteko Errepublikak emakumeak patriarkatutik liberatu zituela: ez zen hala izan eta ez zen hala izango. Ala lur jabe handiekin botere legegiletik egin nahi ziren aldaketez hitz egiten da baina errepublika burges guztietan bezala, boterea burgesiak izango zuen. Hasiko ziren Kataluniako eta Euzkadiko estatutua garatzen baina, zintzoki, ba ote zuen formulazio horrek errealitate federal baterako aukera. Funtsean, Madrilgo Gorteen konposizioa eta ministerioetako kideen alderdiak zeintzuk diren esanda, irudi luke ezkerreko gobernuak egon zirenean politika sozialistak garatu zituztela.

Baina II. Errepublikan 1934ko iraultza gertatu bazen (kurioski zeharo oharkabean pasa berri den efemeridea) izan zen orduko langile mugimenduko ildo marxistak eta libertarioak argi zutelako gauza bat zela ezkerreko errepublikazaletasuna eta beste bat, ia antagonikoa, langileen askapena. Guardia Zibila, epaileak, kartzelak, Brechten testu ezagunean oroitarazten den bezala, jabetza pribatua mantentzeko zeuden. Eta jakina da, Dimitroven hipotesia bere eginda, Stalinek zuzentzen zuen Moskuren menpeko erakundeak iraultzen guztiz kontra zeudela Europa osoan (eta faxismoari zegokionean Clara Zetkinen programak ez zuela inolako pisurik III. internazionalean).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.