Txundigarria iruditzen zait idazketa pasio eta ofizio duten ekoizleen lan antolaketa: diagramak, irudiak, oharrak, dokumentuak, fitxategiak, paper puskak. Horietako askok egunerokoak erabiltzen dituzte diziplinamendu gisa, tximeletak harrapatzeko. Ongi ulertu banion, Annie Ernauxi entzun nion hiru eguneroko ezberdin zeuzkala: batean bizitakoa idazten du, beste batean irakurtzen duenetik abiatzen da, hirugarrenean literatura bihur daitekeenari lotutakoak jasotzen ditu.
Aitortzen dizuet horrek harritu ninduela gehien duela bi urte Georges Didi-Huberman-ek Brouillards de peines et de désirs argitaratu zuenean. Alegia, lana beti bezain aberatsa, ezustekoa eta trinkoa zen, baina nik irakurri dizkiodan genero oso ezberdineko dozena eta erdi lan horietan aurrenekoa da kapitulu bakoitzaren amaieran data bat daukana. Ez da liburu hori ezberdin egiten duen elementu bakarra. Lehenengo pertsona ere erabiltzen du, are, bizitza pertsonalaz aritzen da.
Piezetako batek Déclarer une passion du izena, Pasio bat aitortu. Bertan kontatzen du Foucault-ek 1964tik aurrera Emmanuel Kanten Antropologia ikuspuntu pragmatiko batetik itzuli zuela. Hirugarren atalean, desiratzearen gaitasunari buruzkoan (Begehrungsvermögen) «pasioaz» eta «emozioaz» jarduten du. «Antropologia-ren orrialde horietan emozioak eta pasioak, aldi berean daude elkartuta eta bananduta. Elkartuta daude biek jokatzen dutelako 'desiratik', alegia 'etorkizuneko gertaera baten errepresentazioaren subjektu baten autodeterminazio indarretik'. Egiaztatzen dugu, (...) [desiran] denboraren auziak irudiak bezainbeste eragiten duela. Baina indar subjektibo horren 'autodeterminazioak' ere, Kanten begietan, 'gaixotasun' bat egiaztatzen du, [emozioak eta pasioak] biek arrazoiaren nagusitasuna baztertzen dutelako. Emozioaren edo pasioaren menpeko gara, gure potentzia subjektiboaren meneko: alegia 'emozioen eta pasioen menpeko izatea arimaren gaixotasun bat da', dio Kantek».