Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Ibilbide orria

2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrirako instituzionalizazioak badu ibilbide orria. Garapen Kontseiluak joan den astean onartu zuen, kasik aho batez, eta hautetsien kontseiluaren esku utzia du jada, horrek ere onar dezan. Estatus bereziko Lurralde Elkargoa izanen da Ipar Euskal Herrirako, berezko eskumenekin. Bitariko lantalde bat osatuko da, eskumen horiek definitzeko eta udazkenerako Ipar Euskal Herrirako lurralde kolektibitatearen ezaugarriak finkatuko dituen lege proposamena prestatzeko.

Hautetsien artean kontsentsua lortzen bada, Frantziako parlamentuan urtea bukatu gabe aurkeztua izan beharko du.

Trabak ez dira bakanak izanen. 200 urteren ondoren, Pirinio Atlantiko departamenduaren zatiketa ez da bat-batean helduko.

Alain Rousset Akitaniako lehendakariak ere ez luke begi onez ikusiko Akitania barnean eskumen bereziko edo Akitaniaren pareko izanen litzatekeen euskal lurralde kolektibitate bat. Eta Roussetek eragin zuzena izan dezake etorkizuneko erabakietan François Hollandek irabaziko balu, ministrogaien kinieletan agertzen baita gizona. Eta, oro har, Ipar Euskal Herriko hautetsiek Pariseko erabakiguneetan izan dezaketen pisua ikusteko dago. Baina gero gerokoak.

Bizkitartean, lurrak bira oso bat eman du Ipar Euskal Herrian. Lehenago edozoin lurralde ezagupenen kontra ziren hautetsi eta eragileak, emeki-emeki alde agertzen ari dira. Iraun dezala.

Martxoaren 31ko Deiadar manifestaldi arrakastatsuaren ondoren, hizkuntza politikak ere bere ibilbide orri propioa beharko du, frantziar lehendakaria eta gobernua edozoin izanik ere, Euroituna izenpetu ala ez, lege bat izan ala ez, euskal instituzio bat izan ala ez.

Hizkuntza politika publikoaren bigarren aroa hasteko garaia izanen da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Arlo guziak hunkitu beharko dituena, eta baliabidez hornitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.