Eskuak hurritz makilan jarrita begiratu izan dio euskaldunak munduari, begiratzen jarraitzen dio zati txiki batek. Andre-gizon euskaradunen akuilu fidelena izan da San Andres aurreko hilberrian moztu eta lehortutako ziria. Bigarren bihotz, hirugarren hanka. Egun euritsuetan guardasola beharrezkoa den bezalaxe izan du baserritarrak hurritz makila bere egunerokoan.
Artzainak bi eskuak makilaren gainean jarrita begiratzen die ardiei, zakurra ondoan etzanda daukala. Marraka eta marraka artean pentsatzen du bizitzari buruz, bere poz, bere min. Azpiko puntak lotzen du lurrarekin, goikoak existentziarekin. Marraka eta marraka artean entzuten du isiltasuna, barnebiltzen da bere baitan, eta egiten du berak ere hausnar.
Xalbadorrek eskuak han pausatuta jarriko zizkion bertsoak artzaintzari, beren artzain txabolari. «Ardi bildotsik duen herria ez da arras urrikarri, direlakotz maitagarri, berak ditugu lotgarri, sortu gaituen lurrari». Eskuak han jarri eta zeruari begiratuz esango zion Pernando Amezketarrak fraideari ilargiak kilo bateko pisua zuela.
Azienden bila sorora joandakoan, pasiora irtendakoan, ondoko baserriko ukuilura bisitan sartutakoan, herritarrekin elkartu orduko bilatzen zuten, dute eskuek makila punta, gelditzen da denbora, eta ernetzen bizitza. Hasten dira mingainak dantzan, kontu kontari. Adiskidetasunak makilaren atzean gotortzen, gogortzen. Aritzeko bezala balio izan baitu egoteko ere. Eta egondakoan, hizkuntza transmisioaren lagungarri eta lekuko izan da, hitzaren iturri eta jolas gune. Hartu du euskarak indar beheko suaren inguruan egindako elkarrizketetan, hartu hurritz makilaren sostenguan egindakoetan.
Badio herri honek zer eskertu, zer aitortu begirik ez baina begiratzeko modu bat eman digunari. Ahorik ez baina euskara transmititu duenari. Bihotzik ez baina bihotz izan denari.
Larrepetit
Hurritz makila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu