Monopoly Junior, Superpoly, eta Euskopoly. Nor da nor, Nor naiz, Urkatua, Mix-it, Dixit, Cortex, Lince, Virus, Virus2, Uno, Dos eta Dobble. Familia kartak, poker karta sorta, Pirritx eta Porrotxenak eta lau karta sorta espainiar. Baita Lego Duplo trena, Lego Classic, Lego Juniors, Lego Creator, Lego Ninjago, Lego City helikopteroa, meatzea, elurretako motorra, uretakoa, eta Batmanen bi kotxe. Puzzleak: Mickey Mousen hiru, SuperZings, Minions, MarioBros, Piraten irla eta Patrulla Caninaren bi. Gomazko lau erraldoi. Patrulla Canina txakur eta ibilgailu guztiak; eta etxea. Autoentzako gomazko 45 errepide zati, plastikozko hemezortzi eta errepide bihurtzen den kamioi bat; koloretako 34 auto txiki. Adimena lantzeko Colour Code, Rush Hour, Day&Night eta Hiru Txerrikumeen bakarkako jolasak. Bai eta inork inoiz erabili ez duen Zowi robota ere. Aurpegirako margoak, azala margotzeko errotulagailuak, papera margotzeko argizarizko margoak, koloretako lapitzak, errotulagailuak, akuarelak, tenperak eta akrilikoak. Eta hauek erabiltzeko belakiak, pintzel lodiak, finak, laburrak eta luzeak; zurezko bi asto txiki, zazpi mihise, paper zuri biribilki bat eta koaderno handi bat. Bolo jolasa eta labirinto bola. Bederatzi pelutxeren atzean, Playmobileko Noeren ontzia, indioen kanpamentua, autokarabana, ukuilua, urmaela, zortzi gladiadore, hamar zaldi, 35 pertsona, hogei bestelako animalia eta osagarriz beteriko kutxa gorri bat ere. Eskumuturrekoak egiteko hari sortak, eta tamaina, forma eta kolore desberdineko egurrezko eta plastikozko piezatxoen bi kutxa.
Konponketa bat egiteko, jostailuentzako ditugun bi armairuetako bat hustu behar izan dugu. Igande gauean Olentzero etorriko da.