Ikasturtea joan zaigu gurasoen artean, astero, paperak elkar trukatuta, denborak alde egiteari laudorio egiten. Batzuetan «honezkero asteazkena da» ala «behingoz ostirala». Beste batzuetan, oraindik pozteko arrazoirik ez balego bezala «astelehena besterik ez da», 2017ko kamixeta hartan bezala: Ez dituzu astelehenak gorroto, kapitalismoa gorroto duzu.
Eta azkenerako, apirilaren bueltan, iritsi zen eskola sarrerako solasaldira eta igeriketako aldagelara: «Ez da deus falta, aurki iritsiko da uda eta oporrak». Baina honetan hasiberriak ere ez garenez, badakigu ikasturte berria hasiko denean, aldagelara itzultzean, xaboia eman eta haurrei azkarrago ibiltzeko esaten diegun bitartean, ospatuko dugula uda atzean geratu dela eta «behingoz» hasi dela errutina.
Baina halako tristura bat gurutzatu zitzaidan joan den astean, irudikatzen nuelako, etengabe honezkero biziko ez genuen denborak alde egitea ospatzen ari ginela. Astegun batzuk zuzenean mespretxatzen ditugula. Zeharo ulergarria da industrian lanean ari diren kideen kasuan, bereziki txandaka ari direnean. Berdin zait zenbaten truk egiten duten, gaueko txandara kondenatzen bazaituzte hiru asterik behin, hori ez da klase ertaina: ez zuretzat ezta zure alabentzat ere. Eta badoa ikasturtea, behin-behineko irakasleei oposizioak datozkie, bi lantoki eta zaintza bateratzen dituzten gurasoak. Bizitza desjabetuak zuzen eta artez, faktura guztiak ordaintzen dituzte txukun baina nola eman distira egunerokoari kondizio horietan, bizitza xahutu dadila erregutzen ari zarenean, lehen munduko pertzentil egoki batean.
Ez daukat eskura Borreroak baditu milaka aurpegi, Negu Gorriak-en disko beltza, han abesten dute bizitza itxaroten pasatzeari buruz, haurtzarotik zahartzarora askapenaren zain. Haurra noiz jaioko, umea noiz koxkortuko. Antsietate hori haurrek katuka egiten dutenetik oinez jartzen diren arte. Oinez jarritakoan ia noiz egingo duten lasterka. Eta orduan arimak Fermin Muguruzaren beste abesti hartara ere egin dit jauzi: Zenbat urrats txiki Egin behar dituzu Horren gutxi aurreratzeko.