Mugak alegiaz urratuta asmatu du Gobernuz Kanpoko Erakunde askok, kartografia ankerrari izkin eginez, elkartasuna sinbolizatzen. Hala ezagutu ditugu munduan barrena zabaltzen, harako gobernu kolonizatzaileei bidea ikasita, mugarik gabeko erreportariak eta arkitektoak, ekonomistak eta hezitzaileak. Hiztegiarekin ari naiz: Médecins Sans Frontières, Engineers Whitout Borders, Technik ohne Grenzen. Garai bateko gaizki-eginaren ordain-nahia? Auskalo zein diren kontzientzia kolektiboaren bidatzak. Salaketak gorabehera, borondatezko lana nolanahi ere behartsuenei laguntzeko. Mugarik gabeko basozainak eta abokatuak. Arbelak eta irribarreak zedarrien gaindi, maixu-maistrak eta pailazoak, suhiltzaileak mugarik gabe, eta edonon gizakiak asmatu, eraiki eta zaindutako mugak desagertarazteko, magoak, geologoak eta psikologoak. Lana, lana eta lana inor baztertzeke bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo ideia politikoengatik. Mugarik gabeak psikiatrak, haginlariak eta botikariak. Harresi-zelulak usteldu arte mugak zulatzen dituzten onkologoak eta konpasik gabeko mundu globala diseinatzen urbanistak. Eta beharra mugagabea denez baita dietistak ere. Eta erradiologoak. Eta agronomoak. Mugarik gabeko albaitariak mugarik gabeko animalientzat, eta mugarik gabeak ginekologoak eta luthierrak. Eleak edertasunez betetzen dituzten kontzeptuak guztiak: mugarik gabeko zoriontasuna. Eta senidetasuna. Eta hala doazkigu hitzik gabetzen hiztegiak, arian-arian, zeren azkenak ere, elkartasunaz ari garela, inork nahi ez dituen horiek ere balio baitute irribarretxoa loratzeko: noizko mugarik gabeko mugazainak?
Eta inon diren ele guztiak agortu ditugunean ohartu gara. Milaka lagun Europan abandonoa orkatiletan haginka dutela, mugak gainditu ezinik. Horra definizioen zaila: nola izan daitezke errefuxiatu aterperik ematen ez badiegu? A zer oilo-zirina gure hiztegi hauek.
LARREPETIT
Hiztegiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu