Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hizkuntzen sustapena

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Irlanderaz hitz egiten zuten 1890ean Irlandako bizilagunen %90ek, Irlandako gaelikoz. Eremu urriko hizkuntzek bizirauteko duten borroka ez da soilik gurean gertatzen. Irlandako gaelikoaren hiztunak gutxitzen joan ziren, eta ikerketa egingo bagenu, ziurrenen, prestigioaren urraketa, zigorrak eta ondo ederto ezagutzen ditugun osterantzeko arrazoiak aurkituko genituzke hiztun kopuruaren galera azaltzeko. The Journal egunkarian irakurri dut 2016an egindako azterketa batean irlandarren %40k aitortzen zuela, modu batera edo bestera, gai zela irlandera erabiltzeko. Baina gaelikoaren sustapenaren alde lan egiten ari direnek uste dute kopuru hori ez dela erreala. Datu batera joan zaizkit begiak: %1,7. Horiek ei dira Irlandako Errepublikan egunero irlandera erabiltzen dutenak. Dublineko Udaletik urte hasieran egindako inkestaren emaitzen arabera, populazioaren %69k nahi lukete irlandera gehiago entzun/ikusi, eta %74k ikasi nahi lukete.

Kontuak kontu, Dublinen eztabaida interesgarria piztu da. Errepublikako hiriburuan 16.000 pertsona dira egunero irlandera darabiltenak, eta kopuru hori zelan hazi pentsatzen ari dira. Gaelikoaren erabilera sustatzeko, BÁC le Gaeilge egitasmoa abiarazi dute. Aipatutako egitasmoaren abaroan esku artean darabilten aukeretako bat da irlanderarentzat auzo bat eskaintzea. Eta hemen sortzen dira eztabaidak. Aldekoek diote indarra hartuko luketela hizkuntzak eta hiztunek, auzo batera mugarriturik. Aurkakoek, berriz, ghetto bilakatzeko aukera dagoela.

Nik ere zalantza-malantza egingo nuke, daitort. Demagun Bilbon erabakitzen dela Zazpikaleak izango dela euskarako eremua, edo nahiago baduzu, Baionan, Baiona Ttipia izango dela. Indartuko luke horrek euskararen lurraldea, ala ghettifikaziora kondenatuko genuke? Ni ere ez naiz ghettoen aldeko, eta uste dut prestigioan eta bestelako sustapen neurrietan egon litekeela gakoa. Litekeela, soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.