Maiz kantatzen zenuen. Irratian entzundako kantak ziren gehienetan. Zure ustez, kantariak bezala esaten zenituen, baina letra aldatzen zenien oharkabean. Etxeko hizkuntzan izan arren, ez zenituen esaten behar bezala kantaren hitzak, aldatuta baizik, zuretzako ulergarriagoa zen interpretazioan. Beranduago, urte batzuk pasa ondoren, akatsarekin konturatu eta zuzenduko zenuen, noski, barre pixka bat egin ondoren.
Beste batzuetan ez zenuen ezer aldatzen. Entzun bezala esaten zenuen zeuk ere. Kanta osoa letraz letra. Zegokionez. Doinuaren erritmoan. Nagusiagoa izango zinen, akaso, edo hasieratik arreta guztia jarrita ikasiko zenuen, edo baten batek ondo irakatsiko zizun. Eta zen bezala kantatzen zenuen orduan.
Ez ziren bakarrik kantak. Poemak ere errezitatzen zenituen. Eta otoitzak. Eta lezioak. Eta, arreta jartzen zenuenean, hitzez hitz errepikatzen zenituen. Txukun eta ondo. Baina ezer ulertu gabe.
Geroago liburuak ere irakurtzen hasi zinen, eta haietan murgiltzen zinen, bertan azaltzen zitzaizun munduan sartuz. Mundu askotan ibili zara. Istorio ugarik eraman zaituzte hegan. Autore askoren hitzetan egin duzu igeri. Batzuetan zipriztindu soilik, beste batzuetan busti, eta hainbatetan, osmosian bezala, zelula guztiak blaituz, hitz haietan azaltzen zena zurea eginaz.
Hitzak. Gastatzen ditugula esaten da. Higatuta daudela. Benetako esanahia ez dutela jada adierazten. Kutsatu egin dituela gure erabilera gaiztoak...
Baina, noizbait, errealitatea kamusten ari zitzaizun horietako batean, hitz batzuekin egingo zenuen topo eta, nahiz eta lehenagotik ezagutu, orduantxe jarriko zitzaizun agerian beren jatorrizko indarra, umetan ulertu gabe errepikatzetik bat-batean ulertzera salto egiten zenuenean bezala, esangura osoa zabalik, bihotzaren sakonean duzunbizitzarekin bat eginez. Hitzen magia.
Larrepetit
Hitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu