Iñigo Aranbarri.

Hitzak eta hondarra

2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihotza galda igo zen Felipe Gonzalez Tindufeko tranpaldo gainera 1976ko azaroan. Urtebete lehenago, Madrileko Itunean Espainia frankistak Marokoren eta Mauritaniaren esku utzia zuen Sahara, garai batean kolonia izan zuen hura. Suhar mintzatu zen Gonzalez: «Lotsa sentitzen dugu Espainiako gobernuak Sahara gobernu erreakzionarioen esku utzi duelako». Txaloak. Harrotu beharra zegoen hitza: «Badakigu bete gabeko promesa asko jaso duzuela. Nik ez dizuet zuei agintzen, historiari baizik. Gure alderdia zuekin egongo da azken garaipenera arte».

Hondarrak estali zituen Gonzalezen hitzok. Marokoren eta Polisarioren arteko gatazka amaitzeko asmoz, Nazio Batuen Erakundeak erreferendumaren aldeko hamaika ebazpen onartu zituen hurrengo hamarkadetan. Aurrerabiderik ez, ordea. Marokok kolonoz bete zuen lurraldea eta erreferendum berba nazioarteko hiztegi politikotik desagertu zen.

Asteon, elkar hartuta agertu dira Espainiako eta Marokoko Atzerri ministroak. Albaresek, duela hiru urte bi aldeek hartutako konpromisoak betetzen ari direla esan du. Bouritak, Sahararen autodeterminazioaren alde egotea «saharar errefuxiatuak beste 50 urtez kanpamenduetan bizitzera kondenatu nahi izatea» dela. Txalo amnesiari eta txalo borrero askatzaileari.

Sanchezek bere kasa erabaki zuen 2022an Sahara marokoarren esku betiko abandonatzea. Badakigu zeren truke, esango zaigu isilpean. Inork ez du, Gonzalezek esan bezala, haren alderditik gobernu erreakzionariorik aipatzen, ez zorrik historiarekin, ez garaipen egunik. Orain beste hitz batzuk daude modan: balio etikoak, konpromiso demokratikoa, eskubideen errespetua.

Espainiako «inoizko gobernurik aurrerakoiena» da hiztegigilea.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.