Frantziako presidente bilakatuz gero Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsiko zuela hitzeman zuen François Hollande hautagaiak, horretarako Frantziako Konstituzioa moldatzeko prest agerturik.
Ekain honetan egitekoak zituen aldaketak, zortzi gairen inguruan, eta bereziki immigranteek 2014ko udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea ukan dezaten. Konstituzioa aldatzeko gehiengo kualifikatua beharrezkoa denez, bi ganberetako hautetsien hiru bostenen sostengua beharrezkoa zuen. Egunotan jakin denez, kontsulta bat egin ondoren, atzerritarren boz eskubidea sortzeko hiru bostenak ez ditu lortuko eta, ondorioz, ez omen du Konstituzio aldaketarik bultzatuko, ez emigranteen bozari buruz, ez gainerateko zazpi puntuei buruz ere, euroituna barne.
Alta, euroituna berresteko hiru bostenak eskura izan ditzake Hollandek, hala nahi izanez gero. Sozialisten artean gaiak ez du ahobatezko sostengua, baina lehendakariak hala nahi balu, gehiengo bat lortuko luke, eta horiei eskuineko hainbat boz gehituko litzaizkieke, Bretainia, Katalunia, Euskal Herria, Kortsika, Alsazia, Okzitania eta hexagonoz kanpoko lurraldeetako hautetsienak, besteak beste.
Gisa berean, hiri handietako hainbat hautetsiren boza segurtatua zuen. Urte luzez Frantziaren berdintasun-uniformetasunaren ondorio kaltegarriak argiki ikusi dituztenenak. Izan ere, hiri handietako auzune behartsuenetan dira gehien ohartzen zein diren iragana ukatu ondoren sustrairik gabe bizi diren belaunaldi gazteen integratzeko zailtasunak.
Beraz, nahi izatea da afera, ez besterik. Benetako borondatea izanen balitz, euroituna berretsi gabe ere bertan aurreikusten diren neurriak, denak eta banan-banan, arloz arloko legerian integratuko lituzkete. Hitza hitz, alde bateko ala besteko sozialista izan, behin eta berriz betetzen ez dutena.

Larrepetit
Hitza hitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu