Maider Galardi

Hitz gatazkatsu batzuk

2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Lerro hauek irakurtzen ari zareten unean Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia lehendakari izango da jada —edo izateko bidean egongo da— eta ni Usurbilen —edo bidean— egongo naiz, oraindik doktoregai, lau urteko ikerketaren ondorio batzuk partekatzen, doktore eta ez doktore, baina oso gai diren beste hamaika hizlari eta entzulerekin batera Jakinek eta UEUk Usurbilgo Udalarekin antolatutako Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka jardunaldian. Badakit aurreko esaldia luzeegi joan dela, kontrastea egin nahi nuelako jeltzaleen eta sozialisten aurreakordioan bizikidetzari egin dioten aipamen express-arekin.

Lau dira oinarriak: indarkeriaren deslegitimazioa, biktima ororen aitortza, memoria inklusibo baten eraikuntza, eta balio etikoak sustatzea. Ez dakit Pradalesek —eta Otxandianok— keinurik egingo dioten euskal gatazkari. Azkenaldian modaz pasata bezala baitago, ez jendea terroristatzat seinalatzea, baizik eta gatazkaren konponbideez eta bizikidetzaz zintzoki hitz egitea. Aste honetan, azken hamarkadetan torturatuak izan diren Nafarroako herritar batzuei aitortza egin diete instituzio diferenteek, baina biktima ororen errekonozimendua oraindik lekutan dago, eta indarkeriaren deslegitimazioa ere bai... ala tortura horiek ez zituen inork agindu? Memoria inklusibo eta kritiko baterako ere falta dira urratsak: non daude, gudari eta izen handiko politikari ez direnen ahotsak? Balio etikoak sustatzeko eskolak izan ohi dira hari eroale, eta jardunaldiko hizlariek kontatuko digute gazteek honi guztiari buruz pentsatzen dutena.

Hainbat ikerketak diote indarkeriazko ziklo luze baten trauma hiru belaunalditaraino luzatu daitekeela. Beharbada garaiz gabiltza zauri horiei arretaz eta seriotasunez begiratzeko. Gaur okupatuta egongo dira, ze bestela, pasa zitezkeen Jaurlaritzako aholkulariak Usurbildik; entzutera, baina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.