Iñigo Aranbarri.

Historikoa

2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Dena da historikoa egun. Historikoa da San Ferminetako entzierroa laburrean, historikoa halako jokalarik edo urlia selekzioak lortu duena Eurokopan eta historikoa aitasantua Vatikanotik atera izana Erromako optika batera joateko betaurreko berritan. Gertakizun historikoz beterik datozkigu egunak, aukeran.
Aldaketa handiak ekarri zituen iragan mendeko bigarren erdiak. Jainkoa hilik, bizialdi hutsak markatzen ditu harrezkero norberaren ibiliak eta ametsak, heriotzarekin amaitzen da guztia, horrexekin etsi beharra dago. Ibilian-ibilian, egin ditu hamarkada batzuk existentzialismo sozialaren gurpilak. Baina errezeloa dut, baratx-baratx, gelditzen ari dela errobera hau ere. Sinesmen politiko sendorik gabe, merkataritzaren logikak hartua espiritualtasun berrien zaina, abentura gaitza da bizialdi apala, are gaitzagoa oro ikuskizun bihurtua dugun honetan.

Azkenik, ez neke gaberik, ikasi dugu istorioa eta historia bereizten. Batbederak darama lema aurrenekoan, baina potina artez eramanagatik, minuskula dugu nagusi. Bestea, hatxeduna, dataz, datuz eta izenez beteriko zabortegi maiuskuladuna da. Kolektiboki gogoratu beharrekoa, boteretik finkatzen eta eskoletan erakusten dena eta, maiz, haserrebideak zabaltzen dituena. Izan ere, ez da munta txikikoa jokoan dagoena.

Hortik dena unehistorikoz bete behar hau. Izan ere, nola joango gara mundualdi gris honetatik ezer historikorik bizi izan gabe? Zer bizialdi mokordo litzateke gurea halakorik ez ezagutzera? Non ibili naiz ni?

Horretarako ere baditugu hedabideak. Norberak deus ez izatera, eurek ematen baitigute akreditazioa, zer edo zertxo behintzat bizi izan dugula dioena.    
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.