Larrepetit

Historia

UXUE APAOLAZA
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Coca Colak beretzat nahi lituzkeen leloak eman ditu M-15ak; nik kulturaren industrian lan egingo banu, akanpadak luza daitezen eskatuz nenbilke. Parte hartzaile bati baino gehiagori entzun/irakurri diot «historia» hitza, orain arte kanpo balebiltza bezala, eta orain egitera jarri, eta narrazioan fotogeniko atera nahi eta saiatzen ari dira itxura ona mantentzen. Kontuz ibili beharko dute, historia egitera asko jartzen baita azken aldian, larunbatean Barçak txapeldunen liga irabazi baitzuen, haiek ere historiaren atzetik; PPren garaipena ez dakit, baina PSOEren porrota ere historiko; Bilduk ere irabazi nahi du kapituluren bat —giza historian eta ozeanografikoan Juanjo Olasagarrek ondo seinalatu bezala tsunami, itsaso, olatu… bezalako izendapenekin—; eta suposatzen dut ildo beretik PSOEk nahiko duela bere partea Euskal Herriaren «normalizazioan»; eta normalizatzea europar demokrazia bada, Espainiarekin batera lor dezakegu helburua, —harekin batera geratu baikinen lortu gabe ere—, M-15a ere sozialdemokrazia eske baitabil. Ez dakit ez ote den beranduegi, alegia, ez dakit historiara pasa daitekeen bat orain Suedia izatea lortu duelako, lortzea ere gero eta zailago izanik.

Historia, baina, garaile instituzionalek idatziko dute, noski, eta oraingoz, instituzioetan aldaketa handirik ez da. Historia nola idatzi daitekeenaren adibide nabarmena Espainiako Historiaren Akademiatik etorri da, zeinak aurtengoa ETA instituzioetan sartu den urtea dela idatziko lukeen, eta PPren garaipen aurreikusgarriaren aurrean PSOEko militanteek seme-alabak plazak betetzera bidali zituztela. Berez Espainiako Gobernuak merezi luke epiteto positiboren bat Franco diktadoretzat adjektibatzera ukatu direnen partetik; demokrazia eskatu baitzaie, baina, Negrin bezain diktadore agertzeko beldurrez, nahiago izan dute erreformekin jarraitu, ulertu ez ditugun horiek, diktadoreei ulertzen ez zaien neurrian; agian horrela Franco bezain estatu gizon izango dira, ez errepublikarrak bezain arduragabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.