Danele Sarriugarte
LARREPETIT

Hiriak

2015eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Sasoian ikaskide nuen Xabier Landabideak argumentuaren berri eman zidanetik sarri etortzen zait burura China Miévillen The City and The City (Hiria eta hiria) eleberria, Euskal Zeraren zerek kafea mikazten didatenean batik bat, hots oso sarri, eta Euskal Zera ulertuta zentzurik zabalenean: diglosia-egoera euskararen kaltetan, gatazka politikoa, eta horiek dakarten guztia.

Bitan erabat banatuta dagoen hiri bat baitu hizpide nobelak, elkarren ondoan baina batak besteari bizkarra zeharo emanda bizi diren hiri bat eta beste hiri bat, non bateko biztanleek ikasia duten bestekoak literalki ez ikusten, eta alderantziz. Jakin badakigunez, distopiek balio dute gaur-gaurko hainbat errealitate jorratzeko, eta zenbaitek iradoki dute liburuaren trama Belfasteko egoerarekin pareka daitekeela.

Edonola den ere, elkar ez ikusterainoko bereizketak ondo islatzen duen arren zer bortizki erdibi daitekeen herri bat, errealitatean hiri geografiko bakarrean bizi dira nahitasunezko hiri guztiak, hots, eta natorren muinera, bihar Bilbo bakarrean egongo garela euskal herri asko, eta ez denak batera. Zutabe honetan ez dagokit, baina, planteatzen hastea zelan biziko garen elkarren alboan, ahalik eta berdintasunezko baldintza duinenetan, min diferenteek zeharkatu gaituzten heinean; hori egunerokorako lana da, apurka egitekoa, eta hitz egin beharko dugu gauza askori buruz: betebeharrez, maitasunez eta oinazeez.

Uste dut badagokidala, ordea, hiri horiek denak bere baitan hartzen dituen hiri bakarreko agintariei eskatzea egin dezaten dagokiena, erantzukizunez jardun dezaten alegia, hiritar den-denak ordezka ditzaten alegia, mende laurdenetik gora iraun duen espetxe-politika bidegabea zuritzen jarrai ez dezaten, alegia. Mendeku-usain gehiegi dario-eta, estatu bati inondik inora ez dagokion lurrina. Argi dago-eta: giza eskubideez ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.