Zure hizkuntza hilko da» soilik esan dezake hizkuntza hegemoniko eta indartsu baten altzoan jaiotakoak. Soilik, hizkuntzaren existentzia ezbaian inoiz jartzen ez duenak. Are gehiago, jarri behar duenik ere pentsatzen ez duenak. «Ez da hilko», erantzun nion berak agertutako irmotasun berberarekin. Harritu egin zuen erantzunak. «A, ez?», esan zidan, mahuka pean iraupenaren sekretua nuela pentsatuz; edo agian homologaturiko aztia banintz lez. Munduko hizkuntza nagusietan hazitakoei pentsaezina egiten zaie euren lengoaia desager litekeela; munduaren akabukoan kakarraldoekin batera bizirik iraungo duen bakarra izango dela uste dute. Zientzia-fikziozko filmetan dugu: martiztarrak beti aurkitzen ditu ingelesez berba egiten dutenak. Berak ez bezala, baina, nik zalantzak ditut. Etengabeak.
Salikoko Mufwene Kongon jaio eta AEBetako unibertsitate bateko irakasle da azken hamarkada luzeetan. Bere ama hizkuntza kiyansi da. Lagunarekin izandako solasaldiaren ostean bere istorioaz irakurritakoa gogoratu nuen. Herrira itzuli zen batean bere hizkuntzari zegozkion berba asko galduak zituela konturatu zen. Praktikan baino irudimenean zuen hizkuntza. Praktika desagertuta irudimenaren nonbait hiltzen ei dira hizkuntzak. Mufwene irakasle da Chicagoko unibertsitatean eta bertako hizkuntzalaria da Lenore Grenoble. «Ingelesetik oso zaila da ulertzea; baina jendea entzuten duzu; eta norberaren hizkuntzaren desagerpena oso barru barrenean sentitzen da», zioen. Lagunak bere hizkuntzak ematen dion ikuskera dauka, eta munduak ez duela besterik behar uste du. Beharbada jakin beharko luke hizkuntza batzuk Dracularen modukoak direla. Lozorroan daude eta halako batean berpiztu egin litezke. 60ko hamarkadan AEBetako mendebalde erdiko miami hizkuntza desagertu zen; eta gaur egun, berreskuratuta, Ohioko unibertsitate batean irakasten da.
Beharbada gu gara hilkorrak garen bakarrak.
LARREPETIT
Hilkortasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu