Iñigo Aranbarri.

Hildakoak

2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Istorio aski absurdoa da Henry Guntherrena, Lehen Mundu Gerrako azken hildakoarena. Verduneko herrixka batean, buruz buru Baltimore’s own estatubatuar erregimentuko soldaduak eta alemanak. 1918ko azaroaren 11, alde biak zeuden jakinaren gainean, gerraren azken eguna zen. Armistizioa goizeko bostetan sinatu zen, baina ez zen hamaikak arte sartuko indarrean. Hutsa falta zela, Gunther, bere kasa, baioneta lotu fusilari eta etsaiei buruz abiatu zen. Kontatzen da alemanak deiadarka hasi zitzaizkiola, gerra amaitzera zihoala, egiteko atzera. Tiroka hasi omen zen. Atoan jaso zuen metrailadoreen errepika. Goizeko 10:59ak ziren.

Hilabete batzuk lehenago, degradatu egin omen zuten, sarjentutik soldadu hutsera. Hala geratu da idatzia, buruei benetako soldadua zela erakusteko egin omen zuen egin zuena. Eta epika maite dugunez, ohorez gogoratzen da Gunther egun.

Gure goizeko 7:30etan sartu da indarrean su-etena Gazan. Sinatuko zela esan zenetik, dozenaka palestinar hil ditu Israelek. Nor izan den azkena, ez dugu inoiz jakingo. Absurdoa ere bada berez hori Palestinan. Verdunen ez bezala, oker egongo ahal naiz, badakigu laster ekingo zaiola txikizioari berriro.

Eta ostera ere hildakoak eroriko direla hildakoen gainean, hildakoak, emaro, Jabalian, eta hegoalderago, Gaza hirian. Hildakoak hilerri inprobisatu guztien gainera Jan Yunisen. Elkarren gainean pilaturik hilarri okertuen gainean Rafahn. Hildakoak entzungo ditugu unibertsoan barrena ilaunki erortzen, eta erortzen, ilaunki, beren azken buruko jaitsiera bezala, bizi eta hil guztien gainera.

Baina kontzientzia jabal, une batez dena amaitu dela sinetsi eta Henry Guntherren istorioa kontatuko dugu lagun artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.