Maider Galardi

Hildako denak

2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Izu edo paniko atakeak eduki dituen edonork badaki zer den heriotzaren eta biziaren arteko dantza. Dena imajinazioa omen, hala ohartarazi du Irati Perez psikologoak Ez hain ondo podcastean: inor ez da hiltzen izualdi batengatik. Hori azaldu izan didate lagunek eta senideek ere, nire onetik irtenda itoko nintzela uste izan dudanean, psikologoak trantze horietatik ateratzeko tresnak eskaini dizkidanean, eta, daitort, baita larrialdietako medikuek ere ustez bihotzekoak jota ospitalera joan naizenean. Onartzen dut, halaber, guztia pasatzen denean gorputzean geratzen den biziraule sentsazioa izugarria dela. Errautsetatik nola, berreraikitzen da bat enbataren ostean. Heriotzari pultsua beste behin irabazi bagenio bezala. 

Orain gutxi ikusi dut senide bat benetako pultsua edukitzen heriotzarekin, eta heriorekin elkarrizketa luzearen ostean, azkenean bizitzan dugun ziurtasun bakarra onartzen. Duela hiru aste pasatxo galdu dugu Kolonbiako lagun handi bat, eta guk dantzatu behar izan dugu heriotza horrekin, distantzian dolua egiteko tresnen faltan. Gogoratzen naiz nola esaten zidan berak iparraldean eta hegoaldean bizitzeak ez dutela berdin balio. Judith Butler datorkit gogora, nola dioen bizitza batzuek besteek baino gehiago balio dutela, bizitza batzuek negar-zotin gehiago jasotzen dituztela beste batzuek baino. Ikusi ditut Valentzian eta Albaceten denboraleak eragindako kalteak, eta pentsatu dut zer ari zen jende hori lanean aurreikuspen txarrak emanda bazeuden. Nekropolitika. Pentsatu dut oxala hedabideek uholdeetan hildakoekiko bezainbeste errespetu balute Palestinan hildakoekin.

Beste alde batera begiratzen dugu leku denetan egon arren. Izan Inurrik eman didan lezio handienetakoa da heriotza bizitzaren parte gisa ulertzea. Hala esan du Josu Ozaitak ere Gau Beltzari buruz Ttap aldizkarian eskainitako elkarrizketan. Pertsonalki, ez naiz Halloween zalea, ezta Santu edo Hildako Guztien eta Arima Beltzen gauaren jarraitzaile sutsua ere. Baina badugu zer pentsatua, bizitza ospatu eta bizialdi eta heriotza duinak bermatu nahi baditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.