Iñigo Aranbarri.

Hezurren prezioa

2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Gertaera historikoek badutela poesiarako jaierarik, ez da berria. 36ko eusko gudari bat hilobian eta haren gainean, plaza zabalean, paisaia humanoa bere zereginetan: joan-etorrietako agurrak, umeen jolasak, berbenetako lehen musuak. Geruza bat beste baten gainean.

Horixe da Gipuzkoako Larraulen dutena, hostopil bat plazaren erdian, eta ez maila metaforikoan. Urteak eman baitituzte, jakin gabetan, 36ko gerran hil zen lehen gudari jeltzalearen hezurren gainean bizidunen gauzak egiten. 

Orain argitu da lehendik bazen susmoa. Frontean hil eta orain plaza dagoen orduko hilerrian ehortzi zuten, dirudienez, Jose Joakin Egaña azkoitiar gaztea Andazarrateko batailan zauritu eta egunetara. Hori dio, Aranzadik ezagutzera eman duenez, Azkoitiko udal artxiboan dagoen dokumentazioak. Larraulgo orduko apaizaren, alkatearen eta epailearen sinadura daramate agiriek.

Datu gehiagoren faltan, erakundeek daukaten arazoa ez da munta txikikoa. Ezen, egunero memoriarekin ematen zaigun beroarekin, pentsatzekoa da atera beharko dela Egaña handik. Erotu egin gara ala? Nola harrotuko dugu plaza guztia hezur batzuk ateratzeko? Nork ordainduko ditu lanak? Eta han ez badago? Lauaxeta balitz, ez zenukete aterako? Ez ezak konpara!

Egia, aspaldiko kontuak dira. Asteon hil da Eusko Gudarosteko azkena, Mateo Balbuena. Dagoeneko memoriatik historiaren zabortegira bidali dugun gertaera baino ez da Egañaren heriotza. Meliton Manzanas Biktimen Zentroan dugula, nondik aterako dira sosak eta nondik kemena hezur xahar batzuk eguneroko agurren, umeen jolasen, berbenetako musuen azpitik erreskatatzeko. 

Sikiera zirku erromatar bat balitz Urdaibaiko paduretan...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.