Bai, badakit ez zenuela pentsatua Herri Urratsera joatea heldu den igandean. Hainbat aldiz etorri zara eta asteburu hau deus berezirik egin gabe pasatzeko asmoa zenuen, etxean. Autoa hartu eta Senpereko lakuraino joateko gogorik ez duzu. Iaz, edo aitzineko urteren batean eman zenuen zure laguntzatxoa. Aurten paso, heldu den batean joatekotan zara. Zaramaren azken kontzertua huts eginen duzu. O Brin Pas eta La Troba Kun Fu talde katalanak ezagutzeko aukera galduko duzu eta Danba ere bai. Unama desegin eta gero espresuki berrosatu den folk talde bikaina ezagutzeko parada ez duzu baliatuko, ez Anje Duhalderen azken diskoa entzunen ere. Mixel Ducau eta Caroline Philippsek Bidaia taldea osatzen dutela eta bertan izanen direla ere ez zenekien. Su Ta Gar eta Goseren kontzertuak entzuteko zaharkitua sentitzen zara. Haurrei, badaezpada, ez diezu erranen Pirritx eta Porrotx han izanen direla.
Aurten Xiberoko ikastoletako ikasle ohiek prestatu dituzten maskaraden barrikaden aurkezpen dantzak ez dituzu ikusten ahalko. Izartxo edo Kukai gazte dantza taldeek egiten dutena ezagutu ere ez.
Ikastolek urtez urte sekula baino ikasle gehiago biltzen dute, nahiz eta inoiz baino gehiago zorpetu egitura publikoek beren gain hartzen ez dituzten eraikuntzen ordaintzeko. Ez baitago dudatzerik: haur baten ikastolaratzea errefusatzea haur hori frantses izatera kondenatzea baita. Eta halakorik ez dugu nahi.
Euskarak denen laguntza behar du, instituzioen sustengu eskasez. Ipar Euskal Herriko ikastolek Herritarren Urratsa espero dute, baita zure urratsa ere.
Herri Urratsera joatea igande-pasa polita izan daiteke, lagunak ikusteko parada, ongi pasatzeko beta. Baina, hori baino gehiago, euskararen aldeko ekintza militantea da Herri Urratsera etortzea. Ez ezazu huts egin. Igandean elkar ikusiko dugu. Ez da hala?
Larrepetit
Herriaren urratsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu