Pareta hartatik pasatzen nintzen bakoitzean sartzen zitzaidan burua altxatzeko bulkada bat. «Herriak bakarrik salba dezake herria» zioen gure herriko pintada handi batek. Krisi betean, 2012ko iraileko greba orokorraren aurretik plaza kanpin dendaz eta protestaz bete zuen Prekarioen Akanpadak utzi zuen bere arrastoa murruan, plazaren izkina hartan gero enkantean saldu ziren etxebizitzak eraiki zituzten arte.Gutako batzuok garai hartan ezagutu genuen KOP eta Berri Txarrak-en Sols el poble salva al poble kantua, nahiz eta berez abestia 2008ko krisia lehertu aurrekoa izan. Ahazten zaigu egona dela lehenago ere jendea lokatzetan. Krisiaren seme-alabak gara, baina genealogia behar dugu, ez aitakeriaz agindu diezaguten zer egin, baina bai zer-nondik datorren jakiteko, kuriositatez bada ere.
Niri jakin-mina hamabi urte beranduago piztu zait, azken egunetan espero ez nuen tokietatik aldarri hori lohiz zikinduegi dagoela iruditu zaidanean. Hasi naiz aztarnei segika eta entzun dut leloa –edo antzeko zerbait– Hugo Chavezen, Lula da Silvaren eta Evo Moralesen ahotan. Jo dut harago, eta, diotenez, Mexikoko Lobardo Toledano sindikalistak haizatu zuen aurrenekoz 1920ko hamarkadan. Beste batzuentzat, askapenaren teologian du oinarria esapideak. Begirada mendebaldetartuagoa dutenek diote Antonio Machadok bere adiskide eta idazle errusiar David Vigodskiri idatzitako gutun batean dagoela leloaren ernamuina. Zehazki, 1937an, 36ko gerra betean, Madril faxistei nola eusten ari zaien azaltzen dio idazle batek besteari.
Basa daude Valentziako eta gure inguruko kaleak, lohiz bezainbat gorroto diskurtsoz zakartuta. Zalantzarik ez dut badagoela herri solidario bat auzolanean urak erasandakoa altxatu nahian, baina Herriak salba dezake herria lelopean altxatu dira beste batzuk, ikara handiagoa eragiten didatenak eta protestara deitu dutenak datozen egunotan: Patriota Iraultzaileak dira. Badakite testuingurua baliatzen eta haserrea kapitalizatzen. Gustura erakutsiko nieke nik genealogiaren garrantzia, haiek nondik datozen ere ez baitugu ahazten.